Ikasle gehiagok unibertsitate-bekak lortzeko, atalaseak handituko ditu Nafarroak

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria den Juan Luis Garciak eta Unibertsitateko zuzendari nagusia den Eva Perujuanizek gaur goizean azaldu dituzte 2025ean unibertsitate-ikasketetarako beken eta laguntzen deialdia ebaluatzeko egindako azterketan lortu diren emaitza batzuk, eta horren ondorioz abian jarriko den lehen neurria aurkeztu dute: beka horiek jasotzeko eskubidea ematen duten atalaseen zenbateko ekonomikoa handitzea.

Garcia kontseilariak beka-sistemaren garrantzia nabarmendu du, “aukera-berdintasuna bermatzeko eta ikasketetarako sarbidea ekitate-baldintzetan errazteko tresna garrantzitsuena den aldetik”; era berean, azpimarratu du “muga eguneratzearekin Nafarroako Gobernuak laguntza publikoak egungo errealitate sozioekonomikora egokitzeko eta premia handienak dituzten familia eta ikasleentzako laguntza indartzen jarraitzeko duen konpromisoari erantzuten zaiola”.

Unibertsitateko zuzendari nagusia den Eva Perujuanizek azpimarratu duen moduan, azterketak “agerian utzi du bekak ukatzearen kopurua gero eta handiagoa dela muga ekonomikoa gainditzeagatik, eta, ondorioz, eskaera-kopuruak behera egin duela pixkanaka”.

Egungo muga ekonomikoak 2011/2012 ikasturtetik abiatzen dira. Geroztik, tarteak zein zenbatekoak hainbat aldiz eguneratu dira. Azken eguneratzea 2024/2025ean egin zen, eta muga ekonomiko guztietako zenbatekoak %5 igo ziren, Ministerioak egindako eguneratzearekin bat eginez.

Orain, helburua da mugak egungo errealitate sozioekonomikoaren arabera orekatzea, kontuan izanik, besteak beste, Nafarroako urteko soldata gordinaren igoera, 2012 eta 2023 artean %31,2 igo baitzen. Era horretan, Nafarroako Gobernuak aukera-berdintasunarekiko duen politika indartu nahi du. Zehazki, muga bakoitzerako gehienez ezarritako zenbatekoak eguneratu nahi dira.

2024/2025 ikasturteko azken beka-deialdian, guztira 1.921 pertsonak jaso zuten laguntza ekonomikoa. Deialdi horretako datuak erreferentzia gisa hartuta, mugak eguneratzearekin %25 inguru igoko litzateke onuradunen kopurua, aurreko deialdiarekin alderatuta; era berean, deialdiaren gastu osoa 500.000 euro baino gehiago handituko litzateke. Hala ere, ez da ahaztu behar zenbatespen hori gorantz alda daitekeela, eskaera gehiago izatearen ondorioz, hainbat pertsonak ez baitzuten deialdirako eskaerarik aurkezten, indarrean dauden muga ekonomikoetatik kanpo egoteagatik.

Beka osagarriak

Nafarroako Gobernuaren unibertsitateko beken deialdia Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren unibertsitate-ikasketetarako beka orokorraren osagarri gisa egituratzen da, eta estatuko bekei estaldura gehigarria ematen die. Testuinguru horretan, tresna garrantzitsuenetako bat da goi-mailako hezkuntzan sartzeko eta bertan irauteko desberdintasunak murrizteko.

Bekek, matrikula, egoitza, garraio, espediente akademiko eta digitalizazioko  gastuak estaltzeaz gain, aparteko laguntzak ematen dizkiete behar ekonomiko larriak dituzten familiei. Horretarako, Nafarroako Gobernuak urtero 3,3 milioi euro bideratzen ditu bere aurrekontuetan.