Euskadik Europako Inbertsio Bankuaren 500 milioiko finantzaketa mobilizatu du bere osasun-sistema publikoa indartzeko eta modernizatzeko

  • Lehendakariak eta EIBko presidenteak 250 milioi euroko maileguaren lehen zatia formalizatu dute Basurtun, 2025-2032 Osasun Azpiegitura eta Ekipamenduen Programarako
  • Europako Inbertsio Bankuak 500 milioi euroko mailegua onartu du euskal osasun-sistemaren modernizazioa bultzatzeko, eta gaur 250 milioi euroko lehen tartea formalizatu da
  • Eragiketa horri esker, ospitaleak, osasun-zentroak, teknologia aurreratua eta ekipamendu berriak bultzatu ahal izango dira, Osakidetzako 2,3 milioi erabiltzaileri baino gehiagori mesede egiteko
  • Eusko Jaurlaritzaren osasun-programak 1.600 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du guztira 74 jarduketatan, Euskadi Europako osasun-abangoardian mantentzeko

Imanol Pradales Lehendakaria Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) arteko ‘Euskadi Health Care Programme’ akordioaren sinaduran izan da gaur goizean. Eragiketa horri esker, 500 milioi eurora arte mobilizatu ahal izango dira Euskadiko osasun-azpiegiturak modernizatzeko eta handitzeko.

Lehendakariak eta Nadia Calviño EIB taldeko presidenteak Basurtuko Unibertsitate Ospitalera egindako bisitan formalizatu da akordioa. Pilar Solano EIBko Europar Batasunerako Finantzaketa Korporatiboaren Saileko zuzendariak eta Noël d’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzako sailburuak ere parte hartu dute ekitaldian.

Sinadura 250 milioi euroko lehen zatiari dagokio, 500 milioi euroko guztizko mailegu onartutik. Finantzaketa horretatik eratorritako inbertsioek euskal osasun-sistema publikoaren 2,3 milioi erabiltzaile baino gehiagori egingo diete mesede, eta Osakidetzaren asistentziaren kalitatea, erantzuteko gaitasuna eta erresilientzia indartzen lagunduko dute.

Imanol Pradales Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, “Eusko Jaurlaritzak eta Europako Inbertsio Bankuak helburu partekatu batekin elkartzen ditugu gure bideak: EAEko herritar guztiei osasun-azpiegitura eta -ekipamendu onenak ematea”. Gainera, gaineratu duenez, “funtsezko urratsa ematen dugu asistentzia-kalitatea hobetzeko, irisgarritasuna indartzeko eta azpiegitura jasangarriagoak eta teknologikoki berrituagoak lortzeko, eraginkortasun energetikoa eta azken belaunaldiko ekipamendu medikoa bermatuta. “Hori ez da printzipio politiko bat soilik: pertsonen duintasuna, lasaitasuna eta etorkizuna bermatzeko konpromiso etiko bat da”, esanez amaitu du.

«EIBren inbertsioari esker, Euskadiko osasun-azpiegiturak berritu eta handitu ahal izango dira, efizientzia energetikoa hobetu, ekipamendu mediko berria eskuratu eta ELAko pazienteentzako zentro espezializatu bat sortu. Aurrerapauso garrantzitsua da, eta euskal osasun publikoaren 2,3 milioi erabiltzaile baino gehiagori egingo die mesede», adierazi du Nadia Calviño EIB Taldeko presidenteak.

Finantzatutako jarduketak Eusko Jaurlaritzaren 2025-2032 Osasun Azpiegitura eta Ekipamenduen Programaren esparruan garatuko dira. Ekimen estrategiko horrek 1.600 milioi euro izango ditu, eta guztira 74 jarduketa aurreikusten ditu —62 espezifikoak eta 12 zeharkakoak— osasun-sistema publikoa indartzeko eta Europako aurreratuenen artean mantentzeko.

Programaren helburua da kalitatezko osasun-arreta segurua eta hurbila bermatzea, pazienteei arreta emateko baldintzak zein osasun profesionalentzat eskuragarri dauden baliabideak hobetuta. Horretarako, inbertsioak aurreikusten ditu lehen mailako arretan, ospitale-azpiegituretan, ekipamendu klinikoetan eta azken belaunaldiko osasun-teknologian.

Proiektu aipagarriak

Proiekturik garrantzitsuenen artean daude Basurtu, Galdakao-Usansolo, Donostia, Gurutzeta eta Txagorritxuko unibertsitate-ospitaleak handitzea, modernizatzea edo eraberritzea, baita Debagoieneko, Zumarragako eta Bidasoako ospitaleetako jarduketak ere. Proiektu estrategikoak ere sartzen dira, tartean Tolosako erreferentziazko ospitale berria, Durangoko Bereizmen Handiko Zentroa eta minbiziaren tratamendu aurreraturako protonterapiaren ezarpena.

Lehen Mailako Arretaren eremuan, programak 21 osasun-zentro berri eraikitzea, beste zortzi zentro zabaltzea edo osorik eraberritzea eta dagoen sarea hobetzeko hainbat jarduketa aurreikusten ditu. Aurreikusitako inbertsioa 200,8 milioi eurokoa da. Gainera, 11,3 milioi euro bideratuko dira kontsulta medikoen ekipamendua berritzeko, baliabide teknologiko berriak txertatuta, besteak beste, ekografoak edo ohatila elektriko goragarriak.

Ospitale-arretan 842 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da. Jarduketa nagusien artean, Tolosako ospitale berriaren eraikuntza nabarmentzen da: 107 milioi euroko inbertsioa, 74 ohe eta hiru bloke kirurgiko. Tratamendu onkologiko aurreratuetarako Protonterapia Unitate berria ere nabarmentzen da, 61,4 milioi euroko inbertsioarekin.

Bestetik, Basurtuko —orain exekuzioan—, Galdakao-Usansoloko, Donostiako eta Gurutzetako unibertsitate-ospitaleetan kanpo-kontsultetarako eraikin berriak eraikitzea aurreikusten du planak. Horrez gain, esku-hartze garrantzitsuak egingo dira dauden azpiegiturak handitzeko eta modernizatzeko, Zumarragako, Bidasoako edo Txagorritxuko ospitaleetan aurreikusitakoak tartean.

Osasun-sistemaren eraldaketa teknologikoa

Programaren beste zutabeetako bat osasun-sistemaren eraldaketa teknologikoa da. Helburu horrekin, Eusko Jaurlaritzak 192 milioi euro inguru bideratuko ditu diagnostiko goiztiarrerako eta gaixotasunen tratamendurako abangoardiako teknologia eskuratu eta ezartzera, berrikuntza klinikoa eta teknologikoa txertatzeko Osakidetzak duen gaitasuna indartuta.

Europako Inbertsio Bankuarekin sinatutako akordioari esker, baldintza onetan eskuratu ahal izango da finantzaketa, eta inbertsio  estrategiko horiek azkarrago gauzatu ahal izango dira. Eragiketa Euskadiren eta Europako finantza-erakundeen arteko lankidetza iraunkorrean kokatzen da, eta Eusko Jaurlaritzak Europar Batasunaren lehentasunekin bat datozen gizarte-inpaktu handiko proiektuak bultzatzeko duen gaitasuna indartzen du.

Ekitaldian Ogasun eta Finantzetako sailburu Noël d’Anjouk nabarmendu duenez, Euskadiren kaudimenean eta zorroztasun instituzionalean Europako Inbertsio Bankuak duen konfiantza islatzen du akordioak, bai eta proiektu eraldatzaileetara bideratutako Europako finantzaketa erakartzeko euskal gaitasunaren aitorpena ere. Era berean, adierazi duenez, lankidetza horrek etorkizuneko eragiketei atea irekitzen die etxebizitza eskuragarriaren edo mugikortasun jasangarriaren eremuetan, eta harreman egonkorra sendotzen du Europako finantza-erakundearekin.

Osasun Azpiegitura eta Ekipamenduen Programaren osagarri gisa, Osakidetzako giza baliabideak ere indartuko dira, egiturazko 2.000 plaza berri baino gehiago sortuta. Neurri horren helburua da osasun-sistemari plantilla egonkorragoa, sendoagoa eta eraginkorragoa ematea, datozen urteetako asistentzia-erronkei erantzuteko.

Eragiketa honekin, Euskadik aurrera egin du bere osasun-sistema publikoa modernizatzeko bidean, azpiegituretan inbertitzea, berrikuntza teknologikoa eta giza baliabideak indartzea uztartzen dituen estrategia integral baten bidez, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatutako osasun-eredu bat sendotuta.