- Osasun Sailak eta Osakidetzak guztira 4 milioi euroko inbertsioa egingo dute hiru solairuko eraikin berri batean; Barbacana inguruan eraikiko da, eta hiru urtetan martxan jarriko da
- Osakidetzako Laguardiako osasun-zentro berriak egungoa baino sei aldiz espazio handiagoa izango du, asistentzia sanitarioa eskaintzeko bertako eta inguruko herrietako biztanleei
- Ekimena Euskadiko Osasun Itunean hartutako konpromisoaren barruan kokatzen da. Itun horrek herritarren benetako beharretara egokitutako azpiegitura moderno eta irisgarriak sustatzen ditu, eta lurralde-ekitatea eta baliabide publikoen erabileraren efizientzia bermatzen ditu
Osasun Sailak eta Osakidetzak Laguardiako osasun-zentro berria eraikitzeko proiektua esleitu dute. Proiektuan hiru solairuko higiezin bat eraikitzea proposatzen da, aurreikuspenen arabera 1.580 metro koadroko azalera izango duena. Osakidetzako Laguardiako osasun-zentro berriak egungoa baino sei aldiz espazio handiagoa izango du, eta tokiko eta inguruko herrietako biztanleei eskainiko die arreta sanitarioa.
Osasun-zentro berriak honela banatuko du espazioa: familiako medikuntzako 2 kontsulta, barneko mediku egoiliarrarentzako (BAME) kontsulta bat, erizaintzako 3 kontsulta, pediatriako kontsulta bat, pediatriako erizaintzako kontsulta bat, edoskitze-gela bat, ondontologiako kontsulta bat, aho-hortzen higienerako kontsulta bat, optometriako kontsulta bat eta erauzketa-gela bat, bai eta hainbat kontsulta gehigarri eta erabilera anitzeko gelak ere.
Osakidetzaren aurreikuspenen arabera, zentro berria 2029an jarriko da martxan, 42 hilabeteko egikaritze-aldi baten ostean, eta guztira 4 milioi euroko inbertsioa egingo da. Datozen hilabeteetan eraikuntza-proiektua idatziko da; ondoren, eraikuntza-obrak abiaraziko dira, eta, azkenik, azpiegitura martxan jartzeko behar den ekipamenduaz hornituko da.
Eraikin berria Laguardiako Udalak Barbacana aldean lagatako lurzati batean kokatuko da. Hura diseinatzeko orduan, alde zaharretik sartzea erraztuko duen oinezkoentzako sarbidea lehenetsi da.
Eraikuntza-proiektua JAAM arquitectos izeneko enpresa bilbotarrak egingo du, zeinaren espezializazioa proiektu publikoak diren; enpresak ibilbide luzea du ingurunean, izan ere, ekimenak garatu ditu eskualdean hainbat erakundeetarako, hala nola Euskal Herriko Unibertsitatea eta Bilboko, Getxoko, Leioako eta Sopuertako udalak.
Zerbitzu berriak eta profesional sanitario gehiago
Osasun-zentro berriak zerbitzu berriak gehitzea ahalbidetuko du (adibidez, pediatria), eta, eskualdeko buru sanitarioa izango denez, erreferentzia-eremuko udalerriei arreta eskaini ahalko zaie hainbat espezialitatetan, besteak beste, odontologian, optometrian eta fisioterapian.
Era berean, Laguardiako osasun-zentroak profesional sanitarioen kopurua nabarmen handitzea aurreikusten du. Horretarako, egungo langile-zuzkidura guztira eskualdeko arreta sanitariora bideratutako 15 profesionalera handitzea aurreikusten duen plan funtzional bat egin da.
Inbertsioak azpiegituretan Arabako Errioxan
Azken urteotan, Arabako Errioxako ESIaren eremua Osakidetzako azpiegituretarako inbertsioaren hartzaileetako bat izan da. Hala, 2025ean, 3 milioi euro inguruko inbertsioa egin ondoren, Oiongo osasun-zentro berria jarri zen martxan. Era berean, berrikuntzak egin dira Lezako Ospitaleko ekoizpen termikoko sisteman eta isolamendu-sisteman, eta eraikinaren inguratzailea berritu da; gainera, pasa den urtean, aparkaleku berri baten eraikuntza burutu zen, 2,5 milioi euroko inbertsio-plan baten barruan.
Jarduera horiek guztiak Osakidetzaren 2025-2032 aldiko Azpiegitura Programan sartzen dira. Programa horrek 1.600 milioi euroko inbertsioa du 74 jarduera gauzatzeko, Euskadi osoko sare asistentzialaren modernizazio teknologikoa eta berregituraketa barne (Lehen Mailako Arreta indartzeko estrategiaren barruan, osasun-zentro berriak eraikitzea sartzen da).
Azpiegitura moderno eta irisgarriak eraikitzearen aldeko apustu hori Osasunaren Euskal Itunean jasota dago. Itun horren azpiegitura sanitarioei buruzko ildo estrategikoan, ibilbide-orri argi bat ezartzen da: sustatzea eta bermatzea zentro sanitario berrien diseinuak, berrikuntzak eta eraikuntzak herritarren benetako premiei erantzuten dietela, lurralde-ekitatea bermatzen dutela eta baliabide publikoen erabileran ingurumen- eta efizientzia-irizpideak txertatzen dituztela.






























