Kaleko hezitzaileek prebentzioa indartuko dute indarkeria matxistaren aurrean

Barakaldoko Udalak berdintasunaren aldeko konpromisoa erakutsiko du berriro jaietan. Txosnen jai esparruak Punto Lila (Gune Morea) hartuko du aurten ere, prebentzioa eta informazioa lantzeko udal gunea, jai parekideak, seguruak eta eraso matxistarik gabekoak lortzeko. Eraso Matxistarik EZ! kanpaina enpresa espezializatu batek kudeatuko du berriro, eta, horri esker, iaz abian jarritako talde profesional batekin eta zerbitzu ordutegi zabal batekin mantenduko da herritarren arreta. Puntu Lilak informazio, laguntza eta erantzun gune gisa funtzionatuko du edozein eraso matxista, arrazista edo LGTBIQ+fobikoren aurrean. Uztailaren 11, 15, 16 eta 17an egongo da martxan 23:00etatik 05:00etara, eta uztailaren 12, 13 eta 14an 23:00etatik 03:00etara.

Gune horretan bi hezitzaile egongo dira, eta, gune finkoan arreta emateaz gain, udalerriko hainbat eremutan ibiliko dira, prebentzioa indartzeko eta espazio seguruak bermatzeko. Zerbitzu honen helburua bikoitza da: alde batetik, emakumeei ahalduntzeko tresnak eta edozein erasoren aurrean jarduteko jarraibideak eskaintzea; eta, bestetik, herritarrak sentsibilizatzea, batez ere gizonak, arduraz joka dezaten eta indarkeria sexistaren aurkako aliatu aktibo bihur daitezen.

Gune Moreak (Punto Lila), gainera, dibulgazio-materiala eskainiko du, hala nola informazio-txartelak, txapak, Barakaldon eraso matxistarik EZ leloa duten eskumuturrekoak, prebentzio-gidak eta zerbitzuaren funtzionamendu ordutegian kontaktu aktiboko zenbaki bat. Gainera, berrikuntza gisa, Berdintasun mezuak daramatzaten edalontzi berrerabilgarriak banatuko dira, «jaiak mezuz bete eta indarkeria matxistari EZ ematea aldarrikatzeko». Beraz, emakumeak puntu honetara hurbiltzera animatzen ditugu, informazioa, laguntza, aholkuak eta behar dutena bilatzera», azpimarratu du Iratxe Foces Berdintasun zinegotziak.

‘BELDURRIK EZ’ APLIKAZIOA: SEGURTASUNA ESKUAN

Udalak gogora ekarri du, halaber, «Beldurrik ez» aplikazio mugikorra dagoela, emakumeei etxera itzultzeko modu segurua eskaintzen dien tresna. Doako app horrek, iOS eta Androidentzat eskuragarri dagoena, Udaltzaingoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera ematen du izuaren botoi baten bidez, eta, horrela, arrisku egoeretan erakundeen laguntza sarea indartzen da. «Doako baliabidea da, eta azkar eta erraz behar duzunean Udaltzaingora hurbiltzen zaitu. Horregatik uste dugu garrantzitsua dela beharrezkotzat jotzen duten pertsona guztiek, batez ere emakumeek, deskargatuta eta prestatuta izatea egun hauetan», azaldu du.

«Barakaldon argi daukagu, jai inklusibo eta seguruen aldeko apustua egiten dugu berriro, non beldurrik gabe gozatzea pertsona guztientzako eskubide erreala den», amaitu du.