Fernando Domínguez Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko kontseilariak, Estrella Petrina Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko (NOU) kudeatzaileak eta Clint Jean Louis Fernández Nafarroako Larrialdietako Zuzendariordetzako zuzendariak San Fermin jaietan Iruñeko Ospitaleko eta Ospitalez Kanpoko Larrialdietako zerbitzuetan emandako osasun-arreten ohiko balantzea egin dute gaur goizean.
Aurten, 2026an, oro har, 7.143 arreta eman dira, iazko datuaren antzera, 70 pertsona gehiago artatu baitzituzten. Jaietako berezko arreten kasuan, aurten 487 arreta erregistratu dira, 2025ean baino 16 gutxiago bakarrik. Jaietako arreta propioen artean, gehienak honako hauek izan dira: erasoak (147); traumatismoak eta zauriak (118); entzierroetako zaurituak (71), intoxikazio etilikoak (47), drogek eragindako intoxikazioak (16), eraso kimikoak (2) eta sexu-erasoak (4), besteak beste. Dominguezek azaldu duen moduan, “iazko kopuruen oso antzekoak dira kausa guztietan; entzierroetako zaurituak gehiago izan dira (aurten 26 gehiago) eta 48 eraso gehiago ere bai”.
Zentroen arabera, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Larrialdi Zerbitzuan, 4.174 arreta burutu dira, 2025ean baino %2,3 gutxiago. Horietatik 328 jaietako berezkoak izan dira: 245 jaietakoak, 60 entzierroetakoak eta 23 zezenketakoak. Estrella Petrina NOUko kudeatzaileak honela zehaztu du: “Jaietako berezko 245 arretatatik (NOUn artatuak), 88 traumatismoengatik izan dira, 46 intoxikazio etilikoengatik, 47 erasoengatik, 11 drogek eragindako intoxikazioengatik, 4 sexu-erasoaren protokoloarekin artatuak eta gainerakoak bestelako arreta eta ospitaleratzeak izan dira”. “Entzierroetatik bideratutako 60 arretari dagokienez, 54 traumatismo eta adarrez zauritutako 6 izan dira, eta zezenketatik eratorritako 23ri dagokienean, 22 traumatismo eta 1 adarkadaz zaurituak”, adierazi du Petrinak.
“Entzierroetako zaurituen artean, 9 paziente ospitaleratu dira, eta bat Behaketan dago. Ospitaleratuetatik batek alta jaso zuen, bi ZIUn daude, bost ospitalizazio arruntean eta bat beste zentro batera eraman zuten”, azaldu du NOUko kudeatzaileak.
2.971 arreta Ospitalez Kanpoko Larrialdien Zerbitzuan
Iruñeko Ospitalez Kanpoko Larrialdien kasuan, 2.971 pertsona artatu dituzte. San Martin Doktorearen zentroak 1.766 pertsona artatu ditu, 2025ean baino %7 gehiago, eta Buztintxuriko zentroak 1.208, iaz baino %6,9 gutxiago. Zerbitzuaren zuzendariordea den Clint Fernandezek balantzearen prentsaurrekoan adierazi duen moduan, “Buztintxuri ohiko ordutegian egon da irekita eta San Martin larrialdi-zentro bezala aritu da lanean etenik gabe uztailaren 3ko (ostirala) 15:00etatik gaur goizeko 08:00ak arte”.
Ospitalez Kanpoko Larrialdien gaineko datu orokor horietatik 159 San Fermin jaietako berezko arretak izan dira. Arreta-motaren arabera, ugarienak hauek izan dira: erasoak (100), traumatismoak (34), entzierroetatik bideratuak (11) eta intoxikazioak: 5 drogen bidezkoak, 2 etilikoak eta 3 elikagaien bidezkoak.
“Gaur, 08:00etan, San Ferminetako plana desaktibatu da jada Ospitalez Kanpoko Larrialdien Zerbitzuan; beraz, zentroek ohiko ordutegia izango dute. Era horretan, Buztintxuri 15:00etatik 22:00etara egongo da irekita lanegun guztietan eta 08:00etatik 22:00etara asteburuetan eta jai-egunetan. San Martin Doktorearen zentroak, berriz, larrialdiak 15:00etatik hurrengo eguneko 08:00ak arte artatuko ditu lanegunetan eta 24 orduz asteburuetan eta jai-egunetan. Alegia, goizez, San Martin Doktorearen zentroak ez du larrialdirik artatzen, eta, horrela, gaur 08:00etatik 15:00etara premiazko arreta behar duten erabiltzaileek beren osasun-zentrora joan beharko dute, eta denboraren mendeko larrialdia bada, ospitalera”, adierazi du Fernandezek.
Esker onak osasun-langileentzat eta herritarrentzat
Fernando Dominguez Osasun kontseilariak, balantzeari buruzko prentsaurrekoan, eskertu nahi izan du San Ferminetan Osasun Departamentuan lan egin duten profesional guztiek egindako lana, eta DYA Navarrarekin, Gurutze Gorriarekin, Bidean-ekin eta zezen-plazako erizaintzarekin eta herritarrekin egin duten elkarlana ere eskertu du
“Jaien aurretik, osasun-baliabideak arduraz erabiltzea eskatzen dugu beti, baina bereziki egun hauetan ere bai, eta hori bete egin da. Egun hauek duten berezitasunaren barruan, jai lasaiak izan dira, ondo lan egin ahal izan dugu eta ezarritako premiaren eta lehentasunaren arabera artatu ahal izan dugu. Hori dela-eta, eskerrik asko paziente guztiei, eta konfiantza izateagatik ere bai”, esan du Dominguezek.





























