Hondarribiarrek aukeratuko dute, beste urte batez, 2026ko Hiriko Urrezko Intsignia

Hondarribiko Udalak abian jarri du, beste urte batez, Hiriko Urrezko Intsigniaren hartzailea aukeratzeko parte-hartze prozesua. Herritarren iritzia oinarri dituen ekimen honen bidez, hondarribiarrek izango dute hitza Jai Nagusietan herriko aitortzarik gorena jasoko duen pertsona edo erakundea erabakitzeko.

Horretarako, uztailaren 20tik 27ra, Hondarribian erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek beren hautagaiak proposatu ahal izango dituzte, Udalaren webgunearen bidez edo BAZen.  Hautagaiak pertsona fisikoak zein erakundeak izan daitezke, baldin eta Hondarribiaren alde egindako ekarpenagatik aitortza merezi badute. Izan ere, Hiriko Urrezko Intsigniaren bidez, Udalak herriaren garapenean, bizitza sozialean, kulturalean, ekonomikoan edo bestelako esparruetan ibilbide nabarmena egin duten pertsona eta erakundeen lana, konpromisoa eta ekarpena aitortzen ditu.

Behin proposamenak jasotzeko epea amaituta, Udaleko Bozeramaileen Batzordeak hautagaitzak aztertuko ditu uztailaren 28tik abuztuaren 4ra. Baldintzak betetzen dituzten hautagaien artean, gehienez hiru aukeratuko dira azken bozketara igarotzeko. Bozketa abuztuaren 6tik 21era bitartean egingo da.

Udalak herritar guztiak animatu ditu euren hautagaiak proposatu eta ondorengo bozketan parte hartzera: “Urrezko Intsignia hondarribiarron aitortza da, eta, horregatik, ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea. Herri gisa harro sentiarazten gaituzten pertsonak eta erakundeak balioan jartzeko aukera paregabea da”.