‘Bilbao Aste Nagusia 2026’ aplikazio ofiziala

«BILBAO ASTE NAGUSIA 2026» APP OFIZIALA eskuragarri dago iOS zein Androiderako doan deskargatzeko, euskarazko, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko bertsioetan.

Bilboko Udalak jaien egitaraua formatu digitalean kontsultatzeko deia egin die herritarrei:

Aplikazioa doan dago eskuragarri, eta aukera ematen du egitarau osoa aztertzeko, jarduerak kategoriaka edo intereska bilatzeko eta jaiekin lotutako ekitaldiak eta espazioak erraz aurkitzeko. Gainera, beste abantaila batzuk ere baditu, hala nola informazioa erabiltzaile bakoitzaren lehentasunen arabera pertsonaliza daitekeela, programazioan egon litezkeen berrikuntzen eta aldaketen inguruko jakinarazpenak jaso daitezkeela, eta kontzertuei eta antzerki-konpainiei buruzko informazio osatua eskura daitekeela, horietarako esteka zuzenen bidez.

Aplikazioaren atal nabarmenetako bat Bilbo Hiria Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketari buruzkoa da. Bertan, programazio osoa kontsulta daiteke, bai eta ikuskizun gogokoena aukeratzeko herri-bozketan parte hartu ere. Gainera, lehiaketaren aurreko edizioetako piroteknia irabazleak ezagutzeko aukera dago.

Era berean, Areatzako Kioskoan Bilboko Musika Bandak interpretatuko dituen errepertorioak ikusi ahal izango dira, baita Gizakundearen Musika Klasikoaren 27. zikloan parte hartuko duten taldeenak ere.

Aplikazioak bi sistema ditu. Alde batetik, Geoposizionamendu-sistemari esker, ekitaldiak une-unean koka daitezke, hala nola Erraldoien eta Buruhandien ibilbidearen jarraipena. Eta, bestetik, Google Maps-en Geolokalizazio sistemarekin, besteak beste, hainbat zerbitzuren kokapena ikus daiteke, hala nola komunak, taxiak, igogailuak, aterpe klimatikoak… eta kontzertuetan aniztasun funtzionala duten pertsonentzat gordetako espazioak, eta baita ikuskizunaz gozatzen den bitartean eroso egoteko aulkiak dituzten jarduerak ere. Gainera, App-aren erabiltzaileek informazio generiko interesgarria eskuratu ahal izango dute, hala nola larrialdietako edo garraioetako zerbitzuen telefonoak.

Ildo horretan, Udalak gogorarazi du egitarauaren informazio eguneratua eskuratzeko modurik errazena, berehalakoena eta jasangarriena dela; izan ere, Udalak antolatutako 500 jarduera baino gehiago eta Bilboko Konpartsek bultzatutako beste hainbat ere biltzen ditu.

IRAKURKETA ERRAZA

Irakurketa Errazaren irizpideak kontuan hartuta prestatu da aplikazioa, pertsona guztientzat irisgarria izan dadin. Horrek esan nahi du informazioa hizkuntza argian, zuzenean eta elementu bisualez eta piktogramez lagunduta aurkezten dela, adin eta prestakuntza-maila guztietako pertsonei ulermena erraztuz, bai eta hizkuntza-zailtasunak edo premia espezifikoak dituztenei ere.

DOAKO DESKARGA

App Store eta Play Store-n eskura daiteke aplikazioa, edo horretarako prestatutako QR bat eskaneatuz. QR hori aurki daiteke programa inprimatuan, baita Txikigunean, Abandoibarran, Europa Parkean, Bizikidetasun plazan, Evaristo Churruca kaian (saskibaloi kantxak) eta Arriaga Plazan dauden 6 informazio-totemetan ere.

Udalak gogorarazi duenez, Bilbok badu udal wifi sare bat, Internetera doako sarbidea eskaintzen duena, konexioa errazteko eta app-a eta programaren bertsio digitala deskargatzea ahalbidetzeko.

Hala eta guztiz ere, pertsona batzuek Internetera sartzeko dituzten zailtasunak kontuan hartuta, Udalak 163.000 ale argitaratu ditu papereanBilboko etxeetan postontzietan sartu direnak eta Bilboko gune estrategikoetan herritarren eskura daudenak barne, hala nola Barrutiko Udal Zentroak, Turismo Informazioko Bulegoak eta hotelak. Gainera, programa, kartela bezala, braillera egokitu da, eta formatu horretako hamar bat aler eskuragarri egongo dira puntu estrategikoetan.