Bizkaiak euskara, kultura eta euskal kirola sustatuko ditu atzerrian, 12 proiekturen bidez

Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntzen deialdi berria ebatzi du, 2026an lurralde historikotik kanpo garatuko diren eta Bizkaiaren nazioarteko presentzia indartzen lagunduko duten kultura- eta kirol-proiektuak eta euskararen normalizazioa bultzatzekoak babesteko.

Laguntza-lerro horren bidez –300.000 euroko zuzkidura du–, foru-erakundeak 12 ekimen bultzatuko ditu. Ekimen horiei esker, kanpora proiektatuko dira euskal kultura-sorkuntza, lurraldeari lotutako kirol-jarduera eta euskararen erabilera nazioarteko testuinguruetan.

Deialdiak hainbat proposamen finantzatzea aurreikusten du, hala nola ekitaldi eta ikuskizun artistiko edo kulturalak, erakusketak, diziplina anitzeko jarduerak, ondare immaterialarekin lotutako proiektuak, arte- eta kultura-bitartekaritzako ekimenak —teknologia berrien erabilera barne—, euskara normalizatzeko ekintzak eta kirol-jarduerak.

Proiektu onuradunen artean, honako hauek daude: esaterako, Alex Txikoni edo Kirmen Uriberi lotutako ekimenak; Dania Beach Jai Alai Series zesta-puntako txapelketa, Estatu Batuetan; Arratiako Koruaren eta Bilboko Koralaren musika-proposamenak; Traktora kooperatibak arte garaikidearen esparruan egindako lana; Jalgi Hadik sustatutako musika eta gastronomiaren uztartzea, eta Eider Eibar eta Iskander Sagarminaga egiten ari diren bost ozeanoen erronka.

Deialdi honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak indartu egiten du lurraldeko talentuari, hizkuntzari eta kultura- eta kirol-adierazpenei nazioarteko ikusgaitasuna emateko apustua, eta finkatu egiten ditu kanpoko lankidetza- eta presentzia-bide berriak