Bizkaiko Foru Aldundiak Maier Technology Centre (MTC) zentrorako 2,5 milioi euroko ekarpena egitea onartu du gaur Gobernu Kontseiluan. Ekarpen hau Busturialdea-Urdaibaiko Eskualde Plan Estrategikoaren (EPE) barruan egiten da; MTC osagai plastikoetan eta automobilgintzarako teknologia aurreratuetan espezializatutako erreferentziazko zentro teknologikoa da, dibertsifikazioko beste arlo batzuk ere aztertzen dituena.
Laguntza hau «Oinarri teknologikoko industria-proiektu berriei laguntzea» proiektu eragilearen parte da, 2,5 milioi euroko zuzkidura du eta Busturialdea-Urdaibaiko EPEn jasotako konpromisoak gauzatzeko lehen mugarrietako bat da; konpromiso horien ardatza eskualdeko industria-, teknologia- eta ezagutza-oinarria indartzea da.
MTCk bultzatutako proiektuak 2.683.000 euroko aurrekontua du guztira, eta horietatik 2,5 milioi euro Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen ditu, balio erantsi handiko industria-jarduerak garatzearen eta lurraldean eragile teknologiko estrategikoak sendotzearen aldeko apustua berretsiz.
Funtsezko eragile teknologikoa Bizkaiarentzat
MTC Mondragon Korporazioko Maier kooperatibaren I+G zentroa da, osagai plastiko funtzional eta estetikoen ikerketan eta garapenean espezializatua, baita automobilgintzarako dekorazio-teknologia aurreratuetan ere. Zaintza teknologikoa egiten duen eta enpresarentzat dibertsifikazio aukera berriak aztertzen dituen zentroa ere bada. Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sarean sartuta dago eta ezagutza enpresa-ehunera transferitzera bideratutako industria- eta teknologia-ikerketako jarduerak garatzen ditu.
MTCren instalazio berriak Arabieta industrialdean kokatuko dira, Ajangizen, Busturialdea-Urdaibairen posizionamendua proiektu industrial eta teknologiko aurreratuak ezartzeko gune erakargarri gisa indartuz.
Lehiakortasuna, enplegua eta ezagutzaren transferentzia
Proiektua gauzatzeak funtsezko eragile teknologikoa indartzea dakar, enplegu kualifikatua sortuko du eta eskualdeko eta Bizkaiko industria-sarearen lehiakortasuna bultzatuko du. Gainera ezagutza eta teknologia lurraldeko enpresetara transferitzea sustatuko du.
Inbertsioari esker MTCren gaitasun zientifiko-teknologikoak handituko dira, erreferentziazko enpresa eta ikerketa zentroekin duen lankidetza indartuko da eta automobilgintzarako osagai plastikoen eta dekorazio teknologien I+Gko erreferentziazko zentro gisa duen posizioa sendotuko da, beste dibertsifikazio aukera batzuetan sakontzeaz gain, Bizkaiaren garapen ekonomiko eta sozialari eta lurralde berritzaile eta jasangarri gisa duen posizionamenduari lagunduz.
Busturialdea-Urdaibaiko Eskualde Plan Estrategikoari buruz
Busturialdea-Urdaibaiko Eskualde Plan Estrategikoa (EPE) Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta inguruko 20 udalek partekatzen duten ibilbide-orria da, diagnosi-lan bateratu batean, erronkak identifikatzean eta lurraldearen garapen ekonomikoa, industriala eta soziala bultzatzeko proiektu estrategikoak zehaztean oinarrituta.
Planaren helburua, Busturialdea-Urdaibairen berezko gaitasunekin eta aukerekin bat etorriz, eskualdearen lehiakortasuna indartzea, jarduera ekonomikoa dibertsifikatzea, kalitatezko enplegua sortzea eta garapen orekatu eta jasangarrirantz aurrera egitea da. Planak 78,4 milioi euroko inbertsio publiko zuzena aurreikusten du 13 proiektu traktoretarako, eta horrekin batera 225 milioi euroko inbertsio gehigarriak egingo dira. Horri guztiari esker 303 milioi euro baino gehiago mobilizatu ahal izango dira Busturialdea-Urdaibain datozen urteetan.






























