Bilboko Maestra Isabel Gallego Gorria HLHIko gimnasioko estalkiak berritzeko obrak amaitu dira

Bilboko Udaleko Hezkuntza Sailak amaitu egin ditu Errekalde auzoko Maestra Isabel Gallego Gorria HLHIko gimnasioko estalkiak berritzeko obrak, 253.040 euroko inbertsioarekin guztira (BEZa barne).

Jarduketak, lau hilabeteko egikaritze-epearekin, aukera eman du ikastetxeari estalki berriak ipintzeko, eraikinaren estankotasuna, segurtasuna eta iraunkortasuna nabarmen hobetuko dituztenak, zenbait urtetan esku-hartze partzialak egin ostean detektatu den egiturazko premia bati erantzunez.

Eider Bilbao Bilboko Udaleko Hezkuntzako zinegotziak adierazi duenez, esku-hartze hau estrategia orokor batean kokatzen da, «kalitatezko ikastetxe publikoen sare seguru eta jasangarri baterantz aurrera egiteko, hezkuntza-komunitatearen egungo beharretara egokitua». Zinegotziak gaineratu duenez, «hezkuntza-espazio egokiak funtsezko tresna dira aukera-berdintasuna, ikasleen ongizatea eta haurren garapen integrala bermatzeko».

Ikuspegi horretatik, Udalak ikastetxeekin adostutako eta planifikatutako inbertsioen aldeko apustua egiten du, lehentasuna emanez hezkuntza-azpiegituren hobekuntzari, energia-efizientziari, erosotasunari eta eskola-ekipamenduen funtzionaltasunari. Azken helburua bizikidetza, inklusioa eta hezkuntza-arrakasta bultzatuko dituzten hezkuntza-inguruneak sortzea da, eskola publikoak auzoen ardatz egituratzaile gisa duen eginkizuna indartuz.

Maestra Isabel Gallego Gorria HLHIko jarduketa honekin, Hezkuntza Sailak udaleko hezkuntza-ondarea mantentzeko eta modernizatzeko konpromisoa berresten du, eta ziurtatzen du Bilboko ikastetxeek instalazio duin eta seguruak dituztela, egungo eta etorkizuneko hezkuntza-erronkei erantzuteko prestatuak.