- FITUR 2026ren azken jardunaldi profesionalak aurkezpen kulturalak, akordio estrategikoak eta agenda sektorialaren itxiera uztartu ditu Euskadiko standean.
- Euskadiko standak azkena eman die FITUR 2026ren jardunaldi profesionalei eta publikoari irekitako asteburu bati eman dio bide.
FITUR 2026ren azken jardunaldi profesionalak sektorearen topaketen eta aurkezpenen agenda ixteko balio izan du Euskadiko standean, kultura, itsas ondarea, turismo kulturala eta akordio estrategikoak uztartuta, lurraldeak turismo-eredu berritzaile eta jasangarri baten alde egiten duen apustua indartzeko.
Goiza Pasaia Itsas Festibala 2026ren aurkezpenarekin hasi da: itsasontzi tradizionalen nazioarteko topaketa, Pasaiako portua itsas eta kultur agertoki handi bihurtuko duena. Aipamen honek itsas ondarea eta itsas tradizioa nabarmentzen ditu, euskal turismo-eskaintzaren elementu bereizgarri gisa.
Ondoren, Araba protagonista izan da turismo kulturalari eskainitako aurkezpenarekin, eta lurraldearen ondare, historia eta paisaiaren aberastasuna nabarmendu ditu, identitateari, kalitateari eta jasangarritasunari lotutako turismo-proposamen baten ardatz gisa.
Jardunaldiaren mugarri nabarmenetako bat izan da SEGITTURek eta BASQUETOURek lankidetza-hitzarmena sinatu izana, Euskadin Helmuga Turistiko Adimendunen garapena indartzeko eta euskal sektore turistikoaren berrikuntza, digitalizazioa eta lehiakortasunaren etengabeko hobekuntza bultzatzeko.
Agenda profesionalak Santurtziko ibilbide birtualaren aurkezpenarekin jarraitu du. Proposamen horrek teknologia eta sustapen turistikoa uztartzen ditu, helmuga publiko berriei hurbiltzeko eta bisitariaren esperientzia aberasteko, eta horrekin itxi ditu publiko profesionalari zuzendutako jarduerak.
Jardunaldi profesionalak ixtearekin batera, Euskadiko standa asteburuan zehar publiko orokorrari ateak irekitzeko prestatzen ari da, euskal kultura, gastronomia eta tradizioak FITUReko bisitariei hurbiltzeko pentsatutako programazioarekin.
Larunbatean, hilak 24, standak jardueren programa osatu bat hartuko du, hauek tartean: pintxo pote solidarioa GKE baten mesedetan; euskal dantza tradizional eta garaikideko erakustaldiak eta tailerrak Aukeran dantza konpainiaren eskutik; Gasteizko Magialdia saioak; Euskal Herriko txakolina eta sagardoa dastatzeko saioak eta tailerrak, Idiazabal gaztarekin; eta Arabako Errioxako ardo eta olioei eskainitako jarduerak, era horretan turismoaren, kulturaren eta gastronomiaren arteko lotura sendotuz.
Programazioak igandean, hilak 25, jarraituko du publikoari irekitako jarduera berriekin, besteak beste, pintxo pote solidarioaren bigarren eguna, sagardoaren eta txakolinaren inguruko proposamen gastronomikoak, pintxo-tailerrak, dastatze saioak, euskal dantza saio berriak eta Gasteizko Magialdia jarduerak, Euskadiko standa publiko guztiarentzako gune bizi, parte hartzaile eta irisgarri gisa finkatuta.
Azken jardunaldi profesional horrekin amaituko du Euskadik FITUR 2026ko bere agenda sektoriala, turismo jasangarri, berritzaile eta identitatedun batekin duen konpromisoa berretsita, eta asteburu bati hasiera emango dio, lurraldeak kulturaren, gastronomiaren eta gizartearen arloan duen aniztasunaren erakusleiho bihurtuko duena standa.






























