Eusko Jaurlaritzak Euskadi Local2030 Huba bultzatu du, demokrazia indartzeko eta Herriaren eraldaketa jasangarria bizkortzeko

  • Nazio Batuek Local2030 Hub ofizialarekin aitortutako munduko lurralde bakanen artean dago Euskadi, eta, horrela, elkarlaneko gobernantzaren eta garapen jasangarriaren eredua finkatzen da
  • Hub berriak erakundeen, enpresen, unibertsitateen eta gizarte zibilaren arteko elkarlana artikulatzen du, eta 2030 Agendaren balioak eragin erreala duten proiektu zehatz bihurtzen dira
  • Imanol Pradales: «Gure zeregina erantzun berriak bilatzea eta aurkitzea da, asko baitugu jokoan. Demokrazia indartzea ezinbestekoa da Herri gisa eta ongizatean hazten jarraitzeko eta mundu justuagoa eta hobea eraikitzeko»

Imanol Pradales Lehendakaria buru zela egin da gaur arratsaldean, Bilboko Euskalduna Jauregian, 2030 Agenda Euskadi Foroaren osoko bilkura. Eragile anitzeko espazio horretan, lehendakariak berretsi du Eusko Jaurlaritzak demokrazia indartzearekin eta garapen-eredu inklusibo, jasangarri eta berritzailea eraikitzearekin duen konpromisoa. Bilkura horren ondoren, Foroak Euskadi Local2030 Hub estrategiarako bidea egin du, eta Nazio Batuek 2030 Agenda lokalizatzeko huben sare globalaren barruan aitortu dute huba. Horrela, gaitasunak mobilizatzeko, elkarlaneko proiektuak bultzatzeko eta konpromisoa emaitza ukigarri bihurtzeko beste etapa bati emango zaio hasiera.

Imanol Pardales Lehendakariak nabarmendu du HUB honen bidez Euskadik zubiak eraikitzen dituen erakundeen, enpresen, esparru akademikoaren, gizarte zibilaren eta herritarren artean, demokrazia elkarrekin indartzeko. «Gure zeregina erantzun berriak bilatzea eta aurkitzea da, asko baitugu jokoan. Demokrazia indartzea ezinbestekoa da Herri gisa eta ongizatean hazten jarraitzeko eta mundu justuagoa eta hobea eraikitzeko», gaineratu du.

Euskadi Local2030 Hub estrategia gaitasunak, baliabideak eta borondateak lotzen dituen lan partekaturako azpiegitura da, eta gobernuen, enpresen, akademiaren eta gizarte zibilaren arteko giltzarri gisa jarduten du, politika publikoen eragina biderka dadin. Espazio horrek lankidetza antolatzen du, eta erakundeen eta herritarren arteko lotura indartu. Ekintza kolektiboa 2030 Agendaren helburuekin bat etorriko da, betiere balio demokratikoetan, belaunaldien arteko erantzukidetasunean eta eragile anitzeko elkarlanean oinarritutako komunitate-itun moduan.

Hub berria, beraz, Euskadiko lankidetza instituzionaleko eta parte-hartze sozialeko ibilbide iraunkorraren bilakaera naturala da. Nazio Batuek haren sorrera onartu dute, eta Local2030 sareko Hub ofiziala duten munduko lurralde bakanen artean kokatu dute Euskadi. Hartara, Euskal Autonomia Erkidegoko ekosistemaren sendotasuna baliozkotu da, baita erronka globalen aurrean tokiko soluzioak eskaintzeko gaitasuna ere. Aitorpen horrek, halaber, maila anitzeko gobernantzan, parte-hartze errealean eta askotariko eragileen arteko lankidetzan oinarritutako ereduan aurrera egiten jarraitzeko erantzukizun gehigarria ere badakar.

Hubak misio partekatuak, berrikuntza-laborategiak eta elkarlaneko proiektuak bultzatuko ditu, gizarte, ekonomia eta ingurumenaren arloko erronka nagusiei erantzun dakien. Estrategiak baterako sorkuntzarako, proiektu pilotuen garapenerako eta politika publikoen, enpresa-berrikuntzaren, ezagutza akademikoaren eta gizarte-konpromisoaren arteko koordinaziorako plataforma gisa jardungo du, eta, gainera, eraginaren ebaluazioa eta lurraldeen arteko ikaskuntza-trukea erraztuko ditu.

Hubaren jarduera lau ardatz nagusiren inguruan egituratzen da: kultura demokratikoa eta parte-hartzea indartuko dituzten herritar aktiboak bultzatzea, batik bat gazteen artean; antolakundeei laguntzea beren estrategietan 2030 Agenda aintzat har dezaten eta eredu jasangarrietarantz aurrera egin dezaten; eragileak erronka zehatzen inguruan mobilizatuko dituzten misio partekatuak garatzea; eta proiektu eraldatzaileak babestuko dituen kapital jasangarria erakartzea, publikoa zein pribatua. Horrek guztiak nazioarteko proiekzioaren zeharkako dimentsioa izango du.

Euskadi Local2030 Hubean 120 entitate baino gehiago biltzen dira —tartean direla erakunde publikoak, enpresak, unibertsitateak, ezagutza-zentroak eta gizarte-antolakundeak—, eta esperientzia, baliabideak eta konpromisoa eskaintzen dituzte garapen jasangarriaren erronkei aurre egite aldera. 2030 Agenda Euskadi Foroak metatu duen esperientziaz elikatzen da espazioa —foroa hori Eusko Jaurlaritza osoak, foru-aldundiek, udalek, unibertsitateek, hirugarren sektoreko funtsezko eragileek eta lankidetza publiko-pribatuak osatzen dute—.

Topaketa horren barruan, Euskadik segurtasuna, industria eta ongizatea ardatz dituen dinamika parte-hartzailea garatu du, etorkizun partekatuari begira, eta, horretarako abiapuntutzat hartu du demokrazia indartsu bat dela zaintzen duen, arriskuei aurrea hartzen dien eta efikaziaz erantzuten duen demokrazia; azken batean, komunitatea indartzen duen demokrazia.