Eusko Jaurlaritzak eta arrantza-sektoreak ‘Kofradia Basque Seafood’ bultzatu dute euskal arraina eta haren balio-kate osoa indartzeko

  • Enpresa berriak harrapaketa, eraldaketa eta merkaturatzea integratzen ditu, jatorrian balio erantsia sortzeko, euskal portuetako jarduera indartzeko eta kalitatezko arraina kontsumitzaile berriei hurbiltzeko
  • Amaia Barredo: “Kofradia Basque Seafood-ek sektorearen ikuspegi moderno eta partekatua islatzen du; flota, industria eta merkatua uztartzeko gai den ikuspegia, balioa, jasangarritasuna eta etorkizuna sortzeko”
  • Norberto Emazabel: “Proiektu hau urrats erabakigarria da gure sektorearentzat, aukera ematen digulako kalitatea eta produktuaren trazabilitatea arrantzako profesionalek bermatzen duten eredu baterantz aurrera egiteko. Kate osoaren ikuspegi integrala da, itsasotik azken kontsumitzaileraino”

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Gipuzkoa eta Bizkaiko baxurako arrantza-sektoreak Kofradia Basque Seafood (KBS) bultzatu dute; euskal arrainaren posizioa indartzera eta haren balio-kate osoa sendotzera bideratutako ekimen estrategikoa, jatorritik hasi eta eraldaketa eta merkaturatzeraino.

Proiektu hau martxan jartzeak ikuspegi partekatu bati erantzuten dio: Euskadin balio erantsi handiagoa sortzeko aukera emango duen eredua sendotzea, itsasoari lotutako jarduera indartzea eta euskal arrantza-sektorearen posizioa hobetzea, merkatuen eta kontsumo-ohituren eraldaketa testuinguru batean.

Proiektuaren balio nagusietako bat da flota, industria eta merkatua modu sendoagoan lotzen dituela, eraldaketa-ahalmen handiagoa duen, produktuaren gaineko kontrol handiagoa bermatzen duen eta portu zein arrantzari lotutako ekoizpen-sarearentzat itzulkin handiagoa dakarren eredurantz aurrera egiteko aukera emanez.

“Kofradia Basque Seafood sektoreari indar handiagoa emateko eta euskal arraina balio handiagoko, etorkizun handiagoko eta eraldatzeko gaitasun handiagoko posizio batean kokatzeko apustu partekatua da”, azpimarratu du Amaia Barredo sailburuak.

Barredok nabarmendu du, halaber, proiektuak flota, industria eta merkatua estrategia beraren baitan lerrokatzeko modu bat dela, sektorearentzat eta herritarrentzat gero eta garrantzitsuagoak diren elementuak indartuz, hala nola kalitatea, elikagaien segurtasuna, trazabilitatea eta baliabideen kontrola.

“Eredu-aldaketa baten aurrean gaude: katean parte hartzetik haren etapa guztietan zeregin zeharkakoa izatera igaro gara. Harrapaketa, eraldaketa eta merkaturatzea integratzeak kalitate, trazabilitate eta jasangarritasun berme osoak dituen produktua eskaintzeko aukera ematen digu, prozesu osoaren ikuspegi integral batekin. Une honetan, berrasmatu eta merkatuaren behar berrietara egokitu behar da”, azpimarratu du Norberto Emazabelek, Gipuzkoa eta Bizkaiko kofradien izenean.

Ildo horretan, azpimarratzekoa da produktuaren balioa jatorritik eraikitzearen garrantzia. Kofradia Basque Seafood-ek arrainaren ibilbide osoaren trazabilitatea eta kontrola bermatzeko aukera ematen du, kalitatearekiko konpromisoa indartuz eta baxurako zein artisau-arrantzako flotaren eguneroko lana balioan jarriz.

KBS 3 milioi euro inguruko hasierako inbertsioarekin sortu da, hasierako fasean 25 lanpostu zuzen sortzeko aurreikuspenarekin, eta Berriatua, Getaria eta Bermeon kokatutako hiru plantatan oinarritutako egitura industrialarekin; handik garatuko du arrain fresko, izoztu eta eraldatuari lotutako jarduera.

Enpresa berriak, gainera, eraldaketaren eta balio erantsiaren aldeko apustua egiten du, merkatuaren egungo eskaeretara egokitutako formatu eta soluzio berriak garatzeko gaitasunarekin, baita kontserbazio eta prozesamendu teknologia aurreratuak txertatuz ere; horien artean, banakako izozketa azkarra (IQF), produktuaren kalitatea mantentzea eta urte osoan eskuragarritasuna indartzea ahalbidetzen duena.

Halaber, proiektuak Sailak eta sektoreak partekatzen duten helburu nagusi batekin egiten du bat: arrainaren kontsumorako sarbidea erraztea, bereziki belaunaldi berrien artean, egungo ohituretara egokitutako formatu eta soluzioen bidez, kalitatea, segurtasuna eta jatorriko produktuarekiko lotura alde batera utzi gabe.

Ekimen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak eta baxurako euskal arrantza-sektoreak elkarlanean lan egiteko ildoari eusten diote, sektoreari sendotasun handiagoa emateko, epe luzeko bideragarritasuna indartzeko eta Euskadin balio gehiago sortzeko gaitasuna duen elikadura-kate sendoago eta lurraldearekin lotuago bat eraikitzen jarraitzeko.

* Kofradiari buruzko inforrmazio gehiago erantsitako dokumentuan.