- Gobernu Kontseiluak Euskadiko toki-erakundeei, tokiko erakunde autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei zuzendutako dirulaguntzen deialdia onartu du
- Deialdiak 1.330.000 eurora arteko zuzkidura indartzen du, eta 40.000 eurotik 50.000 eurora igotzen du erakunde bakoitzak eskatu ahal izango duen gehieneko zenbatekoa
- Eskabideak aurkezteko epea irailaren 1etik 30era bitartekoa izango da
Gobernu Kontseiluak migrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloko jarduerak garatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia onartu du. Laguntzak Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak bultzatzen ditu, eta 1.330.000 euroko zuzkidura izango dute guztira.
Deialdia Euskadiko tokiko erakundeei, tokiko erakunde autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei zuzenduta dago, migrazioaren, kulturarteko bizikidetzaren eta etorkinen harrera sustatzearen arloko programak eta jarduerak garatzen laguntzeko.
Aurtengo berrikuntza nagusia erakunde onuradun bakoitzak eska dezakeen gehieneko zenbatekoa handitzea da. 2026an, eskaera bakoitza 50.000 eurora iritsi ahal izango da gehienez, aurreko deialdian ezarritako 40.000 euroen aldean. Era berean, linearen aurrekontu globala 1,33 milioi eurora igotzen da, eta horrek esan nahi du tokiko erakundeek harrera-, integrazio- eta bizikidetza-politika publikoak bultzatzeko duten gaitasuna indartzen dela.
Laguntza horiei esker, honako hauek finantzatu ahal izango dira: herritarren eskubide eta betebeharrei lotutako jarduerak egitea eta gauzatzea, tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza sustatzea, aniztasuna aitortzea, truke eta elkarreragin positiboko guneak sortzea, etorkinak gizarteratzea eta harrera- eta bizikidetza-planak egitea.
Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du udalerriak funtsezko espazioa direla bizikidetza eraikitzeko. Sarrerako lehen atea dira, jatorri desberdinetako pertsonen arteko eguneroko harremana gertatzen den lekua eta eremu instituzional hurbilena, tokiko errealitate bakoitzera egokitutako erantzunak zabaltzeko.
Horregatik, deialdi honen helburua da udal-eremutik egiten den esku-hartze soziala indartzea eta toki-erakundeei laguntzea gizarte-kohesioa, parte-hartze komunitarioa eta eskubideen eta betebeharren berdintasunean oinarritutako kulturarteko bizikidetza bultzatzen dituzten proiektuak garatzen.
Eskabideak 2026ko irailaren 1etik 30era bitartean aurkeztu ahal izango dira, aurreikuspenen arabera, deialdirako gaitzen den izapidearen bidez.
Laguntza-ildo honekin, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du harrerarako eta bizikidetzarako euskal ereduarekin duen konpromisoa. Ereduak euskal gizartearen egiturazko errealitatetzat hartzen du aniztasuna, eta hurbileko politika publikoen aldeko apustua egiten du, koordinatuak eta komunitate kohesionatuagoak, pluralagoak eta solidarioagoak bermatzera bideratuak.






























