Ekonomia Sustatzeko foru-diputatu Ainara Basurkok Bizkaiko enpresa-egoeraren barometroaren hirugarren edizioa aurkeztu du gaur. Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailari adskribatutako Beaz sozietate publikoa da barometroaren sustatzailea. Txostenaren aztergaiak dira 5-250 langile dituzten lurraldeko enpresen egungo egoera, 2025eko ekitaldiaren itxiera, 2026rako aurreikuspenak eta euren jarduera baldintzatzen duten kezka nagusiak.
Txostenaren arabera, Bizkaiko ETEen % 88k aurreikusten dute 2026an salmentak mantentzea edo handitzea, eta % 91k enplegua. Bestalde, talentua eta adimen artifiziala lehiakortasunaren elementu kritiko bihurtzen ari dira.
«Enpresei ondo laguntzeko, ondo ezagutu behar da haien errealitatea. Jakin behar da non ari diren hazten, non aurkitzen dituzten zailtasunak, zer profil behar dituzten, zertan inbertitzen ari diren, nola ari diren berritzen eta zerk kezkatzen dituen. Horixe da, hain zuzen, barometro honen balioa», adierazi du Basurkok.
Enpresa baikorrak, baina zuhurrak
Merkatuaren egungo erretratua positiboa da, baina zuhurra. Enpresen % 51k uste dute euren jardueraren arloko merkatua hazten edo suspertzen ari dela; % 35ek egonkorra dela, eta % 13k atzeraldian dagoela. Gainera, hamar enpresatik ia zazpik uste du bere sektorea berritzailea dela: % 35ek etengabeko bilakaeran dauden sektore berritzaileak aipatzen dituzte, eta % 33k bilakaera progresiboa baina jarraitua duten sektoreak.
2025eko itxierak erakusten du Bizkaiko enpresa-sareak aldeko joera duela. Enpresen % 54k adierazi dute euren salmentak hazi egin zirela 2024koen aldean, eta % 28k esan dute mantendu egin zirela. Orotara, hamar enpresatik zortzitan baino gehiagotan salmentak hazi edo mantendu egin ziren. Marjina ekonomikoei dagokienez, % 29k esan dute hazi egin zirela, eta % 46k mantendu egin zirela; hala, % 75ek adierazi dute egonkortasuna edo hobekuntza izan zutela.
Enpleguak ere bilakaera positiboa izan du: enpresen % 41ek plantilla handitu zuten, eta % 47k mantendu egin zuten. Hau da, Bizkaiko ETEen % 88k mantendu edo handitu egin zuten enplegua 2025ean.
Inbertsioari dagokionez, enpresen % 62k proiekturen bat egin zuten aurreko ekitaldian. Inbertsioak batez ere makineriara, softwarera, aplikazio informatikoetara, informazio-sistemetara eta I+Gra bideratu ziren. Berrikuntzari dagokionez, % 58k proiektuak abiarazi zituzten 2025ean. Proiekturik ohikoenak izan ziren produktu edo zerbitzu berrien garapena, lehengo produktu edo zerbitzuen hobekuntza eta produkzio-prozesuen hobekuntza.
Aurreikuspen positiboak 2026rako
2026rako aurreikuspenek taxu positiboa dute. Enpresen % 44k salmentak handitzea aurreikusten dute, eta beste % 44k espero dute 2025ekoen antzeko mailetan mantentzea. Hortaz, enpresen % 88k aurreikusten dute egonkortasuna edo hazkundea izango duela salmentetan. Aukerarik onenak informazioaren eta komunikazioen sektoreetan eta jarduera profesional zientifiko nahiz teknikoetan daude; denak ere zerbitzu aurreratuei, soluzio teknologikoei, ezagutza espezializatuari eta STEM talentuari lotuak.
Marjina ekonomikoei dagokienez, enpresen % 79k egonkortasuna edo hobekuntza espero dute. Enplegua % 91raino iristen da: lau enpresatik batek plantilla handitzea aurreikusten du, eta gehienek mantentzea espero dute.
Talentua eta AA, lehiakortasunerako elementu giltzarriak
Talentua da txosteneko giltzarrietako bat. Enpresen % 39k aurreikusten dute langile-profilak sartzea, neurri handi batean lanbide-heziketari lotuak; % 33k profil teknikoak edo berrikuntzakoak, eta % 9k I+G profilak. Gainera, enpresen % 59k adierazi dute arazoak izan dituztela 2025ean profil espezifikoak erakartzeko eta kontratatzeko, bereziki produkzioko langileak, profil teknikoak eta ingeniariak.
Inbertsioari dagokionez, enpresen % 47k asmoa dute 2026an proiekturen bat hasteko. Aurreikusitako inbertsioak batez ere makineriara (% 54), softwarera, aplikazio informatikoetara edo informazio-sistemetara (% 52) eta I+Gra (% 38) bideratuta daude.
Berrikuntzari dagokionez, enpresen ia erdiek (% 47) asmoa dute aurten proiektuak hasteko. Haietatik, % 67k adimen artifiziala txertatuko dute, hau da, inkestatutako enpresa guztien % 31k. AA batez ere arlo hauei loturik ageri da: prozesuen automatizazioa eta optimizazioa, garapen teknologikoa, datuen analisia, adimen prediktiboa eta dokumentuen gestioa.
Trantsizio berdeak ere presentzia handiagoa du. Berrikuntzaren bat egingo duten enpresen % 47ren ustez, hau da, aztertutako enpresa guztien % 22ren ustez, halako proiektuek eragina izango dute euren karbono-aztarnaren murrizketan.
Enpresen % 24k (lautik batek) asmoa dute 2026an nazioartekotze-ekintzak hasteko. Datu hori aurreko ekitaldietakoen antzekoa da, nahiz eta nazioarteko testuinguruaren ezaugarri izan tentsio geopolitikoak, muga-zergen politika berriak eta ibilbide estrategikoen ezegonkortasuna; Ormuzko itsasartean, kasurako. Europa da oraindik ere erreferentzia-eremu nagusia, eta Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua dira helmugarik garrantzitsuenak. Mexiko nabarmen hazi da aurreikusitako helmuga gisa; Estatu Batuak oraindik ere garrantzitsuak dira, pisu apur bat galdu duten arren, eta Maroko gorabideko gunea bihurtu da Afrikan.
Kezka nagusiak
Enpresen kezka nagusien artean, lan-alderdiak nabarmentzen dira (% 85). Multzo horretan sartzen dira, besteak beste, lan-kostuak, absentismoa eta talentua erakartzeko eta fidelizatzeko zailtasuna. Ondoren, gai hauek daude: arlo operatiboa eta logistikoa (% 64), finantzak (% 51), egoera geopolitikoa (% 50) eta araudia (% 20).
«Barometrotik ondoriozta dezakegu Bizkaiak enpresa-sare erresilientea duela. Ingurune ezegonkor batean, enpresek jarduera, enplegua, inbertsioa eta berrikuntza mantentzen dituzte. Eta egiaztatzen du Bizkaiaren lehiakortasuna, gero eta gehiago, berrikuntzaren, talentuaren, teknologiaren, adimen artifizialaren, nazioartekotzearen eta jasangarritasunaren mende dagoela», nabarmendu du Ainara Basurkok.
Agerian geratzen da, gainera, babes publikoak funtzionatzen duela «enpresatik gertu dagoenean, haren beharrak ulertzen dituenean eta hobekuntzako dinamikak sistematizatzen laguntzen duenean. Beazkide enpresek, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza motaren bat jaso dutenek alegia, portaera hobeak dituzte inbertsioan, berrikuntzan eta nazioartekotzean. Horrek gure asmoa sendotzen du: Bizkaiko enpresei laguntzeko eta gertu egoteko asmoa, eta enpresak hazi, lehiatu eta kalitatezko enplegua sortzeko ahalik eta baldintza onenak sortzeko asmoa», amaitu du diputatuak.
Barometroaren metodologia
Azterlanaren oinarria hainbat sektore ekonomikotako 5-250 langile bitarteko Bizkaiko ETEei egindako 501 elkarrizketa dira. Landa-lana martxoaren 17tik apirilaren 30era bitartean egin zen, telefonoz indartutako online elkarrizketen bidez. Laginak Beazkide enpresak (Bizkaiko Foru Aldundiaren babes, zerbitzu, laguntza edo kontraste motaren bat jaso dutenak) eta Beazkide ez diren enpresak bereizten ditu.






























