Euskadik kalitatezko behi-aziendaren aldeko apustua sendotu du, Eusko Label ziurtagiria duten 450 ustiategi baino gehiagorekin

  • Ziurtatutako ekoizpen-ereduak egonkortasunari eusten dio, eta euskal abeltzaintza-sektorearen balio erantsia indartzen du
  • Sailak ustiategien lehiakortasuna, errentagarritasuna eta belaunaldi-erreleboa hobetzeko neurriak bultzatzen jarraituko du

Eusko Label ziurtagiria duen kalitatezko behi-aziendak bilakaera egonkorra izaten jarraitzen du Euskadin, eta jatorrian, kalitatean eta balio erantsian oinarritutako ekoizpen-eredua sendotu du. Gaur egun, Euskadik 455 ustiategi eta 27.806 abelburu ditu Eusko Label ziurtagiriarekin. Kopuru horiek agerian uzten dute erreferente izaten jarraitzen duen sistema baten sendotasuna, bai sektorearentzat, bai kontsumitzaileentzat.

Datuen arabera, ziurtatutako ekoizpen-ereduak egonkortzeko joerari eusten dio. Izan ere, Eusko Label ziurtagiria duten abelburuen kopurua ia ez da aldatu 2025. urtearen amaierarekin alderatuta, eta atxikitako ustiategien kopurua 450etik gora mantentzen da. Horrela, kalitatearen eta jatorriaren aldeko apustua egiten duten ekoizleen sarea sendotzen da.

Datu hauen atzean kalitatearen bidez bereizteko apustua egin duten abeltzainak daude. Hori da Eusko Jaurlaritzatik sustatzen jarraitu nahi dugun bidea: lehiakorragoa izango den sektorea, balio erantsi handiagoa sortuko duena eta gure ustiategien nahiz landa-eremuaren etorkizuna bermatzeko gai izango dena», nabarmendu du Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredok.

Sailak azpimarratu du Eusko Label tresna estrategikoa izaten jarraitzen duela ustiategien lehiakortasuna hobetzeko, produktuaren jatorria eta kalitatea bermatzeko eta hurbileko elikagaien gero eta handiagoa den eskariari erantzuteko. Horren ildotik, Eusko Jaurlaritzak abeltzaintza-ustiategien errentagarritasuna indartzera, belaunaldi-erreleboa sustatzera eta lurraldeari lotutako ekoizpen-eredu jasangarri bat sendotzera bideratutako neurriak bultzatzen jarraituko du, euskal landa-eremuarentzat aukera berriak sortzeko gai izango den eredua, hain zuzen ere.