Euskadik Makroeskualde Atlantikoa nabarmendu du Europarentzat aukera estrategiko gisa EBko Kontseiluaren Irlandaren Presidentziaren hasieran

  • Ander Caballero Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiak jardunaldi bat inauguratu du Bilbon, Brian Glynn Irlandak Espainian duen enbaxadorearekin eta Daniel Calleja Europako Batzordeak Espainian duen Ordezkaritzako zuzendariarekin batera

Eusko Jaurlaritzak erakundeetako ordezkariak, Europako eragileak eta eragile ekonomiko eta sozialak bildu ditu gaur Bilbon, Europar Batasuneko Kontseiluko Irlandako Presidentziaren lehentasunak aztertzeko eta 2026ko bigarren seihilekoan erkidegoko agendak ezarriko dituen erronka nagusiei heltzeko.

Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalearen Idazkaritza Nagusiak antolatu du jardunaldia, eta Ander Caballero Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiak inauguratu du. Halaber, azpimarratu du “Europak lurraldeen arteko lankidetza handiagoa behar duela lehiakortasunaren, trantsizio industrialaren eta autonomia estrategikoaren erronkei arrakastaz aurre egiteko”.

Bere hitzaldian, Caballerok defendatu du Makroeskualde Atlantikoa funtsezko tresna dela Europako Atlantikoko fatxadaren pisu politiko eta ekonomikoa indartzeko, eta nabarmendu du bat datozela Irlandako Presidentetzaren hasieraren eta Espainiak, Frantziak, Irlandak eta Portugalek sustatutako ekimen horrek bizi duen bultzada instituzionalaren artean.

Irlandak Espainian duen enbaxadore Brian Glynnek Irlandako Presidentetzaren lehentasunak aurkeztu ditu, lehiakortasunean, balioetan eta segurtasunean oinarrituta; Europako Batzordeak Espainian duen Ordezkaritzako zuzendari Daniel Callejak, berriz, seihileko honetan markatuko dituzten Europako espediente nagusiak aztertu ditu, eta, Caballerorekin eta Glynnekin batera, bertaratutakoekin izandako solasaldi batean parte hartu du.

Jardunaldia baliagarria izan da Euskadiren eta Irlandaren arteko lankidetza indartzeko, bi lurralde horiek bokazio atlantiko eta europazale nabarmena baitute, eta Estaturik gabeko nazioek eta eskualdeek Europa lehiakorragoa, kohesionatuagoa eta herritarrengandik hurbilago egongo dena eraikitzeko bete dezaketen zereginari balioa emateko.

Programaren barruan, ordezkaritza instituzionala Bilboko Portuan izan da, Euskadik logistika, energia, industria eta konektibitate europarrean dituen aktibo estrategiko nagusietako bat bertatik bertara ezagutzeko.