Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria nekazaritza erakundeekin bildu da gaur, osteguna, uda honetan bero boladak eta lehorte egoerak larreetan eta, ondorioz, ganadua estentsiboan maneiatzeko ereduetan eragiten ari den inpaktu esanguratsuari buruz hitz egiteko.
Aierdi kontseilariarekin batera izan dira Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia den Ignacio Gil eta Landa Garapeneko zuzendari nagusia den Ruben Goñi. Aierdik UAGN, EHNE eta UCANeko ordezkariak deitu ditu abeltzaintzak eta, zehatzago, erregimen estentsiboko ustiategiek, bizi duten egoera dela-eta sektoreak dituen kezkak kontrastatzeko eta ezagutzeko.
Bero-boladaren ondorioz mendietako larreak oso lehor daude, eta uztondoak sortzen ari dira; beraz, zailtasunak daude estentsiboko azienda elikatzeko. Modu horretan, Departamentuak eta nekazaritza-erakundeek erabaki dute lehendik ere zailtasunak dituen sektore batean egoera horrek izan dezakeen inpaktu ekonomikoaren jarraipena eta kuantifikazioa egitea, nahiz ekoerregimenak malgutzeko edo galeren gaineko laguntzak emateko neurriak aztertzea, Foru Administrazioek horiek konpentsatzeko aktiba baititzakete.
Irango krisia eta plan estrategikoa
Kontseilariak eta nekazaritza-sektoreko ordezkariek, halaber, bilera aprobetxatu dute Foru Administrazioa —INTIA sozietate publikoaren kalkulu teknikoen bidez— eta sektoreko erakundeak, Ekialde Ertaineko krisia dela-eta, lehengaien prezioen eta hornidura-arazoen (batez ere ongarriak eta erregaia) bilakaera eta gorabeheren inguruan egiten ari diren segimendua errepasatzeko.
Azkenik, nekazaritza-erakundeek eta Landa Garapeneko Departamentuko taldeek Nafarroako lehen sektorerako Plan Estrategikoa egiteko Foru Gobernuaren eta sektoreko eragile guztien artean burutuko dituzten lehen urratsak aztertu dituzte. Plana idazteko lanak esleitu berri dituzte, eta parte hartzeko lehen saioak abuztuaren amaiera aldera egiten hasiko dira.





























