Datorren abuztuaren 6an, osteguna, Urbasa-Andia natura-parkeak aldi baterako itxiko ditu NA 290 Morterutxo eta NA 292 Zelaiaundiko bidezidorra – Pagadi sorgindua toki-bidezidorrak, Urbasa mendilerroan. Halaber, ezin izanen dira erabili ibilbide horiei loturiko Sorosgain, Morterutxo eta Bioitzako aparkalekuak. Azpiegitura horiek abuztu amaierara arte baldintzatuko ditu aipatu filmaketa zinematografikoak. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak erabaki hori hartu du bisitarien, teknikarien eta lantaldeen segurtasuna bermatzeko, baita filmaketak ahalik eta interferentzia gutxien izateko ere.
Parkearen zuzendaritzak gunea bisitatzen dutenei eskatzen die filmaketaren inguruetan jarritako seinaleak errespetatzeko eta une oro betetzeko gaitutako langileen jarraibideak. Andia mendilerroak eta Urederra ibaiaren iturburuaren natura-erreserbak, parke bereko bi gune izanda ere, ez dute eraginik nozituko.
Eremua bisitatzen dutenei gogorarazten zaie seinaleztatutako aparkatzeko guneetan bakarrik aparkatu ditzaketela ibilgailuak urte osoan. Asteotan, errepidearen bi aldeetako gainerako aparkalekuak gaituta egonen dira, baita bisitarientzako harreragunekoa ere, zeina parkerako iparraldeko sarreran baitago, Olatzagutiko errepidetik joanda. Harreragunearen sarrera-ordutegia 10:15etik 17:00etara artekoa da abuztuaren 31ra arte, eta doan da sartzea.
Bisitariei arreta emateko langileez gain, harreragunean zenbait informazio-panel daude, bi erakustokitan banatuta, natura-parkearen natura-, historia- eta kultura-balioak jakinarazten dituztenak.
Zuzkidura horri eta bertako zerbitzuei buruz informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu parkearen webgunea edo jarri harremanetan [email protected] helbide elektronikoaren edo 948 539 426 eta 848 424 690 telefono-zenbakien bidez.
Iaz 8046 pertsona igaro ziren Urbasa-Andia natura-parkeko arreta-zentrotik. Parkeak 21 000 hektarea ditu, Europako Natura 2000 Sarean sartuta dago eta natur eta kultur ondare garrantzitsua barnean hartzen du.






























