Gorka Martinek irabazi du UPV/EHUko doktoregaientzako Twitterreko #HiloTesis saria, Arabako eta Bizkaiko lurraldeetako gatazka karlista aztertzen duen tesiari buruzko hari batekin. Saridunak 300 euroko txekea eraman du, UPV/EHUko Ikerketaren Gizarte Hedapenerako Zuzendaritzak emana.
CRUE Universidad Españolas elkarteak Tu Tesis Doctoral Lehiaketaren bigarren edizioa kaleratu zuen joan den apirilean Twitterreko Hilo batean: #HiloTesis, elkarte hau osatzen duten Espainiako unibertsitateetako doktorego-ikasleen artean dibulgazio-jarduera sustatzeko asmoz. Parte-hartzaileek beren tesiaren edukiaren berri eman behar zuten, gehienez 20 txiotan, sare sozial honen mugak kontuan hartuta, eta hizkuntza koofizialetako edozeinetan.
6 izan dira lehiaketan parte hartu duten UPV/EHUko doktoregaiak, eta irabazleak ‘Arqueología del conflicto carlista en Araba y Bizkaia’ izeneko tesiari buruzko hari batekin egin du.
Gorka Martin, Historian graduatu eta Paisaiaren Kudeaketan Masterra egin zuen UPV/EHUn. Betidanik arkeologia izan du pasio, karrerako urteetan boluntario gisa parte hartu baitzuen hainbat indusketetan. Aurrerago, Iban Roldan eta Sergio Escribano ikertzaileekin lan egin zuen, karlistaldietako lehen kanpaina arkeologikoetan. “Gaiak liluratu egin ninduen eta gaur egun Bizkaiko eta Arabako gatazka karlistaren arkeologiari buruzko doktore tesia garatzen ari naiz Eraikitako Ondarearen Ikerketa Taldearen barruan. Gure helburua hain ahaztuta eta degradatuta dagoen ondareari balioa ematea eta gatazkaren ikuspegi soziala iturri materialetatik eskaintzea da”, azaldu du Gorka Martinek.