Getariako arrantza-ontzi bat Pasaiara eraman dute kroskoan zuloa egin ostean

Getariako arrantza-ontzi bati ur-bide bat ireki zaio kostatik gertuko uretan lanean ari zela, eta atoian eraman behar izan dute Pasaiako portura. Tripulatzaile guztiak onik daude.

Itsas-salbamenduak jakitera eman duenez, 01:30 aldera gertatu da, Donostia eta Pasaia arteko kostaldean. «Berriz Patxiku» itsasbazterreko ontziak ur-bide handia egin du, oraindik ez dakite nola.

Agintariei larrialdiaren berri eman ostean, «Kantauri» arrantza-ontzia bertaratu da laguntzera, handik gertu baitzegoen, eta atoian eraman du Pasaiaraino, Itsas Salbamenduko eta Gurutze Gorriko ontziak ondoan zituztela, badaezpada.

«Berriz Patxiku» arrantza-ontzia Donibaneko kaian porturatu dute, «ia hondoratuta», Itsas Salbamenduak jakitera eman duenez. Ontzia egonkortu eta lurrera ateratzen saiatuko dira, konpontzeko lanei ekiteko.

Getariako arrantza-ontzian zihoazen bederatzi arrantzaleetako bat bera ere ez da zauritu.