Askotan ozen, askotan ixil (Jokin Bildarratzen idatzia Gipuzkoagaur-en)

Asko kostatu zait egun hauetan EH Bilduren jarrera ulertzea. Alde batetik, Madrilen zein garrantzitsuak eta eragingarriak izan diren goraipatzen aritu dira, Espainiaren gobernagarritasunaren alde euren botoa eman eta gero. Harritzekoa da, EAJk Euskadiren interesak defendatzeko Madrilgo Gorteetan parte hartzeagatik urteetan zehar guri esan dizkigutenak esan eta gero! Ongi etorri… berrogei urte berandu.

Dena dela, Madrilgo funtzionamenduarekin txundituta-edo, hango politika egiteko moduaz ere kutsatu direla ematen du eta, Legebiltzarreko osteguneko saioan, duela urte asko bizitzen genuen bezalako giro ozpindua ere gurera ekarri zuten, hitzaldi oldarkor eta lotsagarria eginez. Julen Arzuagak botatako biraoak eta irainak ez dira onargarriak; Lege batekin edo talde batekin kritikoa izan daiteke baina, ordukoan, bere onetik atera zen. Gustatuko litzaidake ETAren historia aztertzerakoan EH Bilduk bere parlamentarioak azaldu zuen haserrearen erdiarekin gaitzetsiko balu erakunde armatuaren jarduna.

Penagarria dena, ikuskizun tamalgarri honen erruz atzo benetan garrantzitsuena izan zena bigarren plano batean geratu izana da. Hain zuzen ere, 1978tik 1999ra Poliziaren gehiegikeriak jasan zituzten biktimak aitortzeko lege erreforma onartu zuela Eusko Legebiltzarrak.

Biktimek aitortza behar dute; denek. Biktimarioek gaitzespen argia behar dute; denek. Bidegabeko gehiegikeria batzuk sendo eta ozen defendatzen dituztenek arrazoiaren zati handia galtzen dute euren diskurtsoan beste norabide bateko bidegabeko gehikerien aurrean ixilik geratzen direnean. Ea ez dugun beste berrogei urte itxaron behar horrelakoak entzuteko.