‘Kontraesankorrak’, Jokin Bildarratzen artikulua

Maiatzaren 8an, duela 40 urte, Munduko Osasun Erakundeak nafarreria edo baztanga (viruela) erabat desagertutzat eman zuen ofizialki. Oso aspalditik zetorren gaitza izanik, bere azken ehun urteetan 300 eta 500 milioi hildako artean eragin omen zituen munduan. Azken hileotan beste gaitz kutsakor baten aurkako borrokan hasiak gara; zorionez medikuntzak aurrerapen ikaragarriak izan ditu eta ziur nago laster Covid-19 madarikatu hau menderatzeko modua aurkituko dutela.

Bitartean ezin gara geldirik egon eta, gaixotasunaren datuak hobetzen ari diren heinean, beste aspektu batzuei ere begiratu behar diegu. Sekulakoak entzun behar izan genituen oinarrizkotzat jotzen ez diren ekonomi jarduera guztiak erabat gelditzearen aurka egin eta produkzioa ahal zen neurrian indarrean jarraitzea defendatzen genuelako. Gainbehera ekonomikoa izango dena baino askoz latzagoa izan ez zedin ahalegintzeagatik langileen osasunaren kontra egiten genuela aurpegiratu ziguten. Aste batzuk baino ez dira igaro eta EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak “jendearen ardura euren lanpostuak nola berreskuratu” omen dela ilustratu zigun asteazkenean. Aleluia! Hori bai, ezker abertzaleak lehentasuna osasuna dela dionean, langileen osasuna defendatzen omen du, baina EAJk lehentasuna osasuna dela dionean, Confebasken interesak baino ez omen ditu defendatzen.

Eta, hara non, egoera honek Legebiltzarrik gabe eta funtziotan dagoen Jaurlaritza batekin harrapatu gaitu. Gure ustez, osasun eta demokrazia berme guztiak izan bezain laster berritu beharko genituzke, aurretik ditugun erronka zailei sendotasunez ekiteko. Uztailean udazkenean baino baldintza hobeak izango direla diote osasun adituek, eta hortik aurreragorako utziz gero zalantzak oraindik handiagoak dira. Ekainean hondartza edo kalera normaltasun batez joango garela pentsatzen ari bagara, handik hilabetera izango liratekeen hauteskundeak egiteko moduan izango gara. Baina gai honetan ere, Euskadiko oposizioko alderdiek interes ilunak antzematen dituzte EAJ eta Lehendakariaren proposamenean. Zeintzuk diren? Udan egiten bada porrot ekonomikora aurreratu nahi izatea; udazkenean, egoera zail honetatik ahalik eta gehien aldendu nahi izatea; eta datorren urterako utziz gero, herriaren hitza isilarazi nahi izatea. Goizegi, arriskutsuegi, beranduegi… Aitzakien liburuan nahi adina eta noranzko guztietarako aukerak daude.

Oposizio arduratsuaren eginbeharra Gobernuaren lana kontrolatu eta herritarrentzat mesedegarriagoa izan dadila lortzea da. Oposizio arduragabearen jarduna, aldiz, hain zuzen ere erantzukizunik ez izate horretaz baliatuta, agintarien erabaki guztien aurka egitea izaten da, nahiz eta alternatibarik eman ez edo aste batzuk igaro ostean norberak gauza bera esan. Abeslari baten esaldia etorri zait burura: “Oso gustuko dut idea kontraesankorrak izatea; horrela, beti hanka sartzen badut ere, beti dut arrazoia”.