‘Tartekoak eta bitartekoak’, Jokin Bildarratz Sorronen artikulua

Normaltasun berrian sartu gara gaur Euskadin. Oximoronetik oso gertu dagoela iruditzen zait termino hau, kontraesankorra egiten zaidalako normala iruditzen ez zaiguna normala izan behar izatea. Azken batean, gaur, Erkidegoa bere eskumen guztien jabe egin da berriz eta alarma egoeraren harira ezarritako ezohiko neurriak indargabetu egin dira; hori bai, gure osasuna mantentzeko garrantzitsuak diren zenbait neurri hartzen jarraitu beharko dugu. Horretan datza normaltasun berria.

Ia ehun egun hauetan bizi izan ditugun gertaerak gestionatzea zaila izan da, are gehiago Gobernu ardurak izan dituzten agintarientzat. Gure belaunaldiak bizi izan duen osasun egoera larrienaren aurrean, ordea, oposizioan izan direnak nahiago izan dute, ikaragarrizko erronka honen aurrean laguntzea baino, krisialdia bitartekotzat hartu eta trabak jarri gobernu horiek ahultzen ahalegintzeko.

Gure artean ere ez da falta izan horrelakorik. PP-C’s batuketaren buru den Carlos Iturgaitzek esaldi argigarri bat utzi du aste honetan: “Euskadiko hauteskundeak Sanchez eta Iglesias Moncloatik ateratzeko tarteko helmuga” izatea espero duela. Honekin, nabarmen erakusten du bere jomuga bakarra Madril dela: bai abiapuntu bezala, estrategia han erabakitzen delako, eta bai helmuga bakar bezala, helburu bakarra Moncloa, Estatua, delako. Euskaldunon interesak “tartekoak” dira; hau da, euskaldunak bere bitartekoak baino ez gara.

Eta Iturgaitzek ‘Euskal Bizikleta’ ‘Espainiako Itzulia’ prestatzeko erabiltzen duen bitartean, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren gurpilean makilak sartzen jarraitzen du. Zaldibarreko ezbeharra inguruko biztanleen artean kezka zabaltzeko eta Koronabirusa, besteak beste, herritarren bozka bitarteko hitza isilarazteko erabili eta gero, orain euskaldunon mesederako izango diren hiru transferentzia egiteko ekainaren 25ean batzartuko den Transferentzien Batzorde Mistoa bertan behera gera dadila eskatu dute, erabilera elektorala egiten omen dela salatuz. Hau da, alderdikeria herritarren interesen gainetik: herritarrak bitarteko bezala. Zenbait egoeratan, betiko normaltasunean jarraitzen dugu.