Hezkuntza sailak 28,5 milioi euro bideratu ditu 2022-2023 ikasturteko unibertsitate-beketarako

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran onartu du 2022-2023 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko beketarako deia egiten duen agindua. Deialdi honetan, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko dirulaguntzak ere jasotzen dira. Orotara, Hezkuntza Sailak 28.560.000 euro bideratzen ditu unibertsitate-beketarako, aipaturiko bi laguntza-lerro horietan.

Deialdi honetara zuzendutako aurrekontua, dena den, handitu egin ahal izango da, beharrezkoa balitz. Era honetan, Hezkuntza Sailak bermatzen du baldintzak betetzen dituzten ikasle guztiek laguntza jasoko dutela, ezarritako kopuruetan, aurkeztutako eskabideen kopurua eta eskatzaile onuradunen kopurua edozein izanik ere.

2022-2023 ikasturterako deialdi honetan, Hezkuntza Sailak beken izapidetzea arintzeko helbururi eusten dio, beka eskaera guztiek ikasturteko lehen hiruhilekoan erantzuna jaso dezaten eta, era horretan, ikasleek urtea amaitu baino lehen kobratu ahal izan dezaten laguntza, erantzuna baiezkoa bada. Horrela, beka jasotzeko eskubidea duten ikasleek ahalik eta lasterren izango dute eskura dagokien laguntza.

Laguntzak eskatzeko epea uztailaren 6etik irailaren 16era izango da, beken kasuan. Mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuetarako laguntzetan berriz, irailaren 30era artekoa izango da epea. Bekaren izapide guztiak, eskabidea barne, elektronikoak izango dira.

1.- 2022-2023 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekak: 28.460.000 euro

Beken deialdi hau, 28.460.000 euroko diru-kopuruarekin, Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-egoitza duten ikasleentzat da, 2022-2023 ikasturtean Euskadin edo Estatuko gainontzeko tokietan kokatuta dagoen edozein zentrotan ondorengo ikasketak egin behar badituzte:

    • Graduko unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak
    • Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak
    • 25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitate ez-presentzialetan emandakoak
    • Goi-mailako arte-ikasketak.

Deialdi berri honek dituen berritasun nagusien artean, hauek dira nabarmentzekoak:

    • Ez dira diru-sarreratzat hartuko unibertsitate-prestakuntza duala egin izanagatik ikasleek jasotako zenbatekoak.
    • STEM graduetan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) aurreko ikasturtean eskatutako errendimendu akademikoan hobari bat aplikatuko da.
    • Ikasketa erdipresentzialak egiten dituzten ikasleek egoitzagatik beka jaso ahal izango dute, aurrez aurreko gutxieneko eskola kopuru bat badute.
    • Beken ebazpena eskaeren hurrenkera jarraituz egingo da: eskabideak ahalik eta goizen betetzea sustatu nahi da, era horretan lehenago ebatzi ahal izango baitira bekak.

Bestalde, errentari eta fakturazio-bolumenari %5eko kenkaria aplikatuko zaio, 2022an familiaren lan eta ekonomia-egoera larriki kaltetu den kasuetan.

2021-2022 ikasturte honetan, 10.647 euskal ikaslek eskuratu dute unibertsitateko beka orokorra, bere osagaietakoren batean edo zenbaitetan, hala nola:

    • Matrikula osagaia: matrikularen zenbatekoa 2022-2023 ikasturterako goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoen prezioari dagokiona izango da.
    • Ikaskuntzari laguntzeko eta eraldaketa digitalerako zenbateko osagarria: unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko ikasleek eskuratu behar dituzten ordenagailu, liburu eta materialaren gastuak finantzatzea da osagai honen helburua.
    • Familia-errentari lotutako oinarrizko zenbatekoa: osagai honen xedea da ekonomia-egoera bereziki zaila duten pertsonei ikasketekin jarraitzen laguntzea.
    • Hiriarteko joan-etorriak: osagai honen helburua da ikasleari familia-egoitzatik ikastetxerako (Euskadi barnean) garraioaren gastua finantzatzea.
    • Egoitza: ikasleek, ikasketak direla-eta, egoitzaz aldatzeko egin behar dituzten gastuak ordaintzen laguntzen duen osagaia da
    • Probetxu akademikoa: ikasleen lana saritzen du osagai honek, baldin eta ikasleek aurreko ikasturtean gutxieneko kreditu kopuru batean matrikula egin bazuten, eta emaitza akademiko onak izan badituzte.

2.- Beren ezaugarri fisikoak edo psikikoak direla-eta, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko dirulaguntzak: 100.000 euroko diru-kopurua

Dirulaguntza hauek ematen dira mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleek euren ikasketa-zentrora iristeko garraiobide publikoak, egokituak izanik ere, ezin badituzte erabili; edo garraiobide publikoak erabili ahal izan arren, beste pertsona baten laguntza behar badute.