Barakaldoko 40 pertsona langabek beren enplegagarritasuna hobetzeko ibilbide pertsonalizatu bat egingo dute

Juan Antonio Pizarrok, Inguralde tokiko garapen-agentzian Enpleguko zinegotzi-ordezkari denak, Barakaldon lan-munduan txertatzea sustatzeko ekimen baten berri eman du gaur. Programak 3R du izena, eta Bizkaiko Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak bultzatu eta finantzatuko du.

Proiektuan Barakaldoko 40 pertsona langabek hartuko dute parte. Beren enplegagarritasuna hobetzeko ibilbide pertsonalizatu bat egingo dute, banakako zein taldekako jarduerekin. Birbideratzea eta Birkokatzea.

Pizarrok honela azaldu du: «Helburua da pertsona-talde jakin baten laneratzea aktibatzea, eta horretarako laguntza ibilbide bat eskaintzea, lan aukerak eskura ditzaten eta beren profil profesionala aberasteko».

Ibilbideetarako sarrera-zerbitzu gisa, Inguraldeko Enplegu Sailak orientabidean adituak diren bi teknikari jarri ditu. Programako parte-hartzaileei bi ordu inguruko banakako orientabidea emango diete hurrenez hurreneko saioetan, 2022ko irailetik abendura bitartean.

Banakako saio horietan honako eduki hauek landuko dira, betiere parte-hartzaile bakoitzaren inguruabar pertsonalei egokituta: banakako diagnostikoa egitea eta profila sortzea, ibilbidea bera diseinatzea, helburuak, egitekoak eta emaitzak zehaztea eta Curriculum Vitaea prestatzea.

Bestalde, enplegu-eskatzaileak merkatuko zenbait segmentutara hurbiltze aldera, 2022ko irailetik 2023ko martxora bitartean sei bilera antolatuko dira enpresekin.

Bilera horiek bi orduko iraupena izango dute, hamar pertsona inguruko taldeei bideratuta egongo dira eta lan-merkatuarekin eta enpresa horren sektorearekin berarekin zerikusia duten edukiak jorratuko dituzte, lan-aukera potentzialekin eta hautaketa-prozesu batean arrakasta izateko kontuan hartu beharreko faktoreekin batera.

Juan Antonio Pizarroren hitzetan, «lortu nahi da lan-merkatuko eskariaren eta eskaintzaren arteko informazioa zirkulatzea ahalbidetuko duen espazio bat sortzea, eta parte-hartzaileek kalitatezko informazio garrantzitsua eskuratzeko aukera izatea, lana bilatzeko prozesua modu eraginkorrean garatzen lagunduko diena».