Emakundek eta Euskalitek lankidetza indartu dute berdintasuna kudeaketa aurreratuan txertatzen jarraitzeko

Emakundek eta Euskalitek beren lankidetza-hitzarmena berriztu dute eta elkarlan horren testuinguruan Emakundek antolatutako “Berdintasuna kudeaketa aurreratuan” jardunaldia egin da gaur Bilbon Kudeaketa Aurreratuaren Europar Astean. Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendariak, elkarlanaren garrantzia azpimarratu du: “Badakigu kudeaketa aurreratua eta berdintasuna elkarrekin doazela, ezinezkoa dela kudeaketa aurreratuaz hitz egitea edo kalitateaz hitz egitea emakume eta gizonen berdintasuna kontuan izan gabe”.

Indartu den aliantzari esker, hainbat ekimen bultzatzen jarraituko dute bi erakundeek: jardunaldiak, gidak, berdintasuna lantzeko tresnak, praktika onen identifikazioa… Elgarrestaren hitzetan “berdintasunaren alorrean oso garrantzitsua da ereduak izatea, eta, hitzarmen honi esker, jarraituko dugu entitate ezberdinen esperientziak ezagutzen baita ere”.

Elgarrestak mezu bat bidali nahi izan dio gizarteari: “berdintasuna justizia sozialak eskatzen duen zerbait da, baina horrez gain, onuragarria da enpresentzat, erakunde ezberdinentzat, gizartearentzat. Ez dago bikaintasunik, ez dago berrikuntzarik, berdintasunik ez badago”.

Orain arte Emakundek eta Euskalitek izan duten elkarlanean, hainbat proiektu garatu dituzte, berdintasuna kudeaketa aurreratuan hobeto txertatzeko eta enpresen lehiakortasunean aurrera egiten eta Euskadiren garapen jasangarrian laguntzeko. Besteak, beste, Genero-ikuspegitik kudeaketari balioa emateko gida (PDF) eta Kudeaketa aurreratuan berdintasun praktiken bilatzailea eta urtero egiten den Knowinn aktibitate bateratuari buruzko programa martxan jartzea.

Erakundeek konpromisoa hartu dute hauetan sakontzeko, lankidetzan jarraitzeko eta enpresetara eta erakundeetara hurbiltzeko jardunaldien eta materialen bidez.