Eusko Jaurlaritzak errespetua eta bizikidetza sustatzen ditu BEC-eko Umeen Gabonetako Parkearen edizio berrian

Eusko Jaurlaritza, aurten ere, BECeko Umeen Gabonetako Parkean izango da (abenduaren 17tik urtarrilaren 8ra); bertan, jarduera ugari izango dira, bai Ekonomia eta Ogasun Sailarenak bai Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarenak.

Hori horrela, Beatriz Artolazabal sailburua Gabonetako umeen ekitaldi ezagunenaren aurkezpen-ekitaldian izan da, bizikidetza-, errespetu- eta berdintasun-balioak sustatzeko.

“Garrantzitsua da goizetik hastea balio horiek sustatzen, ohore handiz zuzentzen dudan Sail honen espirituaren eta nortasunaren parte ere badirenak”, esan du Artolazabalek. Era berean, edizio honetarako antolatutako jarduerak errespetuan oinarrituko direla nabarmendu du.  “Umeenganako, aniztasunarekiko eta inklusioarekiko errespetua”, esan du.

Hala, espazio zabala gaitu da eta, hartan, Emakundek, Familia eta Haurren Zuzendaritzak eta Gazteria Zuzendaritzak antolatutako ekimenak izango dira. Trivialeko joko baten bidez, bidegabekeria-egoera batzuen inguruan, hala nola bullyingaren edo ziberbullyingaren inguruan, kontzientziatzeko eta haiei aurre egiteko ahalegina egingo da.

Era berean, Zeuk Esan (116 111) ume eta nerabeei laguntza emateko zerbitzuaren informazioa emango da. Eta Gazteria Zuzendaritzak Gazteaukeraren balioa nabarmenduko du, gazteentzako informazio baliagarri guztiarekin, haiek emantzipatzen laguntzeko Eusko Jaurlaritzak oraintsu iragarritako planak barne.

Artolazabalek, amaitzeko, eskerrak eman ditu, Gizarte Politiketako sailburua den aldetik, BBK Fundazioak eta BECek Umeen Gabonetako Parkearen edizio honetan eginiko ahaleginagatik eta garatutako neurri inklusiboengatik.

KONEKO V, Ekonomia Itunaren bideojokoa, BECeko Umeen Gabonetako Parkera itzuliko da

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren bitartez, Gabonetako Haur Parkean parte hartuko du aurten, barrutira doazen haurrek Koneko V bideojokoaren bidez Ekonomia Ituna gertutik ezagutu ahal izateko stand batekin.

Gaur aurkeztu dira Ekonomia eta Ogasun Sailak 2022-23 UGP Umeen Gabonetako Parkean duen standaren eta 2018an aurkeztutako bideojokoaren ezaugarri nagusiak. Urte horretan 140 urteko historia bete zuen Ekonomia Itunak.

Harrezkero, hainbat komunikazio-ekintza egin dira euskal herritarren artean finantzaketa-sistema hori ezagutarazteko, eta, horrela, sistema horren ezagutza eta gizartean duen erabilgarritasuna sustatzeko.

Herritarren artean eta, zehazkiago, haurren artean Ekonomia Ituna aldarrikatzeko modu erraz bat da 8 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako Koneko V bideojokoa.

Koneko V, Ekonomia Itunaren bideojokoa, UGPko gure standaren protagonista nagusia, 1.5 bertsio berriarekin aurkezten da. Bertsio berrian, azken sistema eragileetara egokitzeko elementu batzuk eguneratu dira, eta elementu grafiko berriak barne hartzen ditu, txikienen artean jolas-esperientzia indartzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren standak 18 jolas-postu ditu, 3naka banatuta, Koneko V bideojokoaren irudiarekin apaindutako eta pertsonalizatutako 6 mahaitan. Gainera, Koneko V-rekin jolasten jarrai daiteke smartphone edo tabletetan, Google Play eta Apple Store-n deskargatuta.