700 ikasle eta tituludun bertaratu dira UPV/EHUko Enplegu Forora

Arlo guztietako 80 enpresa eta erakunde baino gehiagok euren lan eskaintzak aurkeztuko dizkiete Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) graduatu eta ikasleei gaur, egun osoan zehar, Bizkaia Aretoan egin den Enplegu Foroan. Orotara, ia 200 lan eskaintza egin dituzte foroko parte hartzaileek.

Lanbideren laguntzarekin, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesarekin egin den topagunean partehartzaileek euren eskaintza aurkeztu dute 76 stand-etan. Era berean, bi jarduera mota garatu dira: alde batetik, sektore desberdinen arteko mahai-inguruak antolatu dira eta, bestetik, lana eskaintzen duten enpresak eta lanpostuetarako hautagaiak harremanetan jarri ahal izan dira beren profil zehatzen arabera.

Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Teresa Laespada Bizkaiko Enplegua, gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko foru diputatuak, Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza era Enplegu Sailek zinegotziak eta Fernando Tapia UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak hartu dute parte foroaren inaugurazio ekitaldian.

Errektoreak nabarmendu duenez, “enplegu-foroak beti izan dira garrantzitsuak Euskal Herriko Unibertsitatearentzat, baina are garrantzi handiagoa hartzen dute honelako testuinguru batean, non ezagutza-arlo batzuek nolabaiteko talentu-defizita duten. Ondo prestatutako profesionalen eta talentuaren eskaria lotzea da gure helburua. Gure unibertsitate publikoko ikasleak eta tituludunak beren erakundeetan talentu gaztea txertatu nahi duten enpresa eta erakunde publiko eta pribatuekin erlazionatu nahi ditugu”.

Mota honetako foroak presentzialak izatearen garrantzia ere nabarmendu du errektoreak. Haren hitzetan, “pandemiaren ondorioz, teknologien erabilera areagotu egin da prestakuntza-prozesuan, baina gure eredu akademikoaren izaera presentziala galdu gabe. Bada, era berean, eskaera profesionalei erantzuteko beharrak harreman hurbila, presentzia fisikoa eta zeharkako gaitasunen ebaluazioa ere eskatzen ditu. Hori da arrazoi bat gehiago onartzeko horrelako topaketa bat ingurune egokia dela enpresa-beharra eta lanbide-gaitasuna lotzeko”.