Hogeita bost haur eta gazte sarituko dituzte 34. Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketan

PRUEBA

Sari banaketa maiatzaren 6an, 12:00etan, Udaletxean egingo da

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketako 2023ko irabazleak saritzeko ekitaldia antolatuko du maiatzaren 6an, 12:00etan, Udaletxeko Udalbatza aretoan.

Urtero bezala, saridunak izango dira protagonista nagusiak. Udal txistularien bandaren harreraren ondoren, Sara Cozarrek aurkezpen lanak egingo ditu; Iñaki Salvadorrek eta Olatz Salvadorrek musika dotorez apainduko dute ekitaldia, eta epaimahaiko kideak ere bertan izango dira lanak irakurtzen, erakusten eta kantatzen laguntzeko. Jon Insausti euskara eta kultura zinegotzia ere bertan izango da aurtengo saridunak eta aipatuak zoriontzeko.

1.307 lan aurkeztu dira aurtengo edizioan

Koldo Mitxelena Literatur Lehiaketaren 34. edizioan 25 lan saritu dira eta 20 lanek jaso dute aipamen berezia. Parte hartzeari dagokionez, arrakastatsua izan da oso, 1.307 lan aurkeztu baitira aurten, pandemiako urteetan izan den igoerari eutsiz.

34. edizioan saritutako lanak (6 komiki, 3 olerki, 7 ipuin, 4 bertso eta 5 mikroipuin) liburuxka batean bildu dira eta www.donostiaeuskaraz.eus-en ikus daitezke. Bertan, epaimahaiaren (Iñaki Martinarena “Mattin” komikigilea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria eta Yolanda Arrieta, Ana Malagon, Inazio Mujika eta Arantxa Urretabizkaia idazleak) aipamen berezia merezi izan duten lanen zerrenda ere argitaratu da; 20 lan, hain zuzen ere.

Aurtengo edizioan, bestalde, 21 ikastetxetako ikasleek parte hartu dute.

Opariak eta literatura lantegi batean parte hartzeko aukera

Aurten ere, 14-18 urteko kategorietako irabazleek literatura lantegi batean parte hartzeko aukera izango dute. Kategoria honetako bost irabazlek Arantzan egingo den lantegian parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzaren Urruzuno Literatura Lehiaketako irabazleekin batera. Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotzi ordezkariaren esanetan “lantegi horretan literatur zaletasuna duten gazteek elkar ezagutzeko aukera izango dute eta egun zoragarriak igaroko dituzte. Aukera ezin hobea izango dute aisialdiaz eta literaturaz gozatzeko”.

Bestalde, irabazle guztiek kulturarekin zerikusia duten produktuak jasoko dituzte: liburuak, ebookak, margotzeko materiala, tabletak eta abar. Aipatuek, diplomaz gain, 50 euroko bono bana jasoko dute kultur produktuak erosteko.

Jon Insaustik gaineratu du Koldo Mitxelena literatura lehiaketak arrakastatsua izaten jarraitzen duela, “benetan poztekoa da hain ibilbide luzeko lehiaketak duen harrera haur eta gazteen artean. Ikus-entzunezkoen, sare sozialen eta plataforma digitalen aroan irakurzaletasunak eta literaturak lekua izaten jarraitzea garrantzitsua da ”.