Barakaldok abenduaren 1ean ekingo die Euskadiko Irisgarritasun Unibertsalaren lehen Udal Plan Integrala sortzeko partaidetza-mahaiei

Denok bizitzen eroso sentitzen garen hiria. Hori da Barakaldoko Udalaren helburua, Euskadiko Irisgarritasun Unibertsalaren lehen Udal Plan Integrala eginda. Plan horren bidez, hiriko irisgarritasuna landuko da, kontzeptu zabalenetik abiatuta: hirigintza, garraiobide publikoak, Udalarekiko komunikazioa… Plana egiten hasita dago, eta abenduaren 1ean egingo da herritarren partaidetzarako mahaiaren lehen bilera. Bertan, hirugarren sektoreko kolektiboez gain (gazteak eta adinekoak), udalerriko irisgarritasuna hobetzeko lanean parte hartu nahi duten auzotarrek ere parte hartuko dute. Mahai parte-hartzailea Los Hermanos parkeko CISen izango da, 11: 00etan.

Irisgarritasun Unibertsala Barakaldoko Hiri Agendako 11 proiektu estrategikoetako bat da. Plan horri esker, Udalak beharrezko urratsak eman ahal izango ditu plana lortzeko. Horretarako, barakaldarrekin batera diagnostiko analisi bat egingo da, hiria nola dagoen eta zer egokitu behar den jakiteko. «Prozesu honetarako funtsezkoa da parte-hartzea. Gure bizilagunek irisgarritasun unibertsalari buruz duten esperientzia eta ikuspegia entzun nahi dugu, haien lehentasunak eta beharrak ikusi nahi ditugu, eta, horrela, guztion artean erabaki nahi dugu zer ekintza egingo ditugun plan honek irauten duen lau urteetan, gure hiriko bizi-kalitatea hobetzeko «, adierazi du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak.

LEHEN BILERA PARTE-HARTZAILEA

Parte-hartzea zeharka egingo da, proiektuaren hasieratik amaierara arte. Horretarako, bi partaidetza-mahai sortuko dira: bata, Barakaldoko Udaleko teknikariek osatuko dute, eta, bigarrena, hirugarren sektorearekin, desgaitasunarekin, gazteekin, adinekoekin eta parte hartu nahi duten herritarrekin, oro har.

Bi mahaiak abenduaren 1ean eratu eta martxan jarriko dira, bata Udalean bertan eta bestea Los Hermanos parkeko CISen herritarrei irekita. «Plan honekin ezartzen ditugun helburuak ezagutzera eman eta azalduko ditugu, irisgarritasun unibertsalarekin lotutako kontzeptuak azalduko ditugu eta prozesuan zehar gutxienez bi aldiz aurrez aurre biltzera eramango gaituen lanaren hasiera markatuko dugu», azaldu du alkateak.

NOLA EMAN IZENA MAHAIAN

Parte hartzeko mahaian izena eman dezakezu 010 telefonora deituz, Barakaldoko Herritarren Arretarako doako telefonora, edo izena eman ekitaldiaren karteldegian dagoen QR kodearen bidez. «Beti defendatu izan dut inork ez duela bere auzoa hobeto ezagutzen bertan bizi garen pertsonek baino. Horregatik da hain garrantzitsua auzotarrek horrelako proiektu eraldatzaileetan parte hartzea «, berretsi du Del Campok. «Zure auzoko kaleen irisgarritasuna hobetu nahi duzu? Garraio publikoa irisgarriagoa izatea nahi duzu? Udalarekin komunikatzeko modua aldatzen eta hizkera errazagoa erabiltzen lagundu nahi duzu? Lagundu iezaguzu eta parte hartu proiektu honetan elkarrekin Barakaldo hobetzen jarraitzeko «, azpimarratu du Del Campok.

INKESTA ETA IRITZI-BILKETA

Parte hartzeko mahaiez gain, Planak herritarren partaidetzarako tresna hauek ere jasotzen ditu, plana egiteko une garrantzitsuetan gauzatuko direnak:

  • Proposamenak aurkezteko tailerrak.
  • Elkarrizketak irisgarritasunaren arloan garrantzi berezia duten pertsonekin.
  • Herritarren inkesta bat, online formatuan zein paperean, barakaldar guztiek irisgarritasunari buruz dituzten iritziak ezagutzeko.

Analisi- eta diagnostiko-fase bat ere deituko da, irisgarritasun unibertsalari buruz herritarrek dituzten iritziak eta beharrak jasotzeko.

Irisgarritasuna oinarrizko printzipio bihurtu da herritar guztien bizi-kalitatea sustatzeko, Euskadiko Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategiak (Gobernu Kontseiluak 2020ko otsailaren 4an onartua) eta Euskal Autonomia Erkidegoko irisgarritasun unibertsalaren arloko lehen ekintza-planak (Gobernu Kontseiluak 2021eko azaroaren 2an onartua) ezartzen dutenaren arabera.

«Irisgarritasuna ingurunearen beste ezaugarri bat bezala hartu behar dugu. Bere helburu nagusia bizitza gizatiarragoa egitea da. Eta hori da Udaletik bilatzen duguna, egoera pertsonal guztien beharrei erantzutea, era batera edo bestera gure egunerokotasuna baldintzatzen baitute «, amaitu du Del Campok.