Lehendakariak aurtengo Euskadi Literatura Sariak banatu ditu Getxoko Muxikebarrin egindako ekitaldian

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da gaur Muxikebarrin,  Getxoko Arte, Kultura eta Kongresuen Zentroan egin den 2023ko Euskadi Literatura Sariak emateko ekitaldian. Lehendakariarekin batera ekitaldian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria, Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea eta Aitziber Atorrasagasti Kultura sustatzeko zuzendaria ere izan dira hainbat ordezkari instituzional eta kulturaren munduko pertsonekin batera.

Honako hauek dira 2023ko Euskadi Literatura Sarien irabazleak:

  • Euskarazko Literatura: Arantxa Urretabizkaia Bejarano, Azken Etxea (Pamiela).
  • Gaztelaniazko Literatura: Alejandro Morellón Mariano, El peor escenario posible (Fulgencio Pimentel)
  • Euskarazko Haur eta Gazte Literatura: Patxi Zubizarreta Dorronsoro, Zerria (Erein).
  • Euskarazko Literatura Itzulpena: Maialen Berasategi eta Joxe Mari Berasategi, Paradisua (Abdulrazak Gurnah). (Elkar)
  • Literatur Lanaren Ilustrazioa: Joseba Larratxe Berazadi, Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar)
  • Saiakera Euskaraz: Miren Billelabeitia Benjoa, Norberak maite duena (Pamiela)
  • Saiakera Gaztelaniaz: Ander Izagirre Olaizola, Vuelta al país de Elkano (Libros del K.O.)

Iñigo Urkullu Lehendakariak ekitaldian adierazi duenez “literaturaren beharra, garrantzia eta plazera aldarrikatzeko aukera eskaini ohi digu Sariak. Aukera ezin hobea idazleei eta argitaratzaileei esker ona adierazteko”. Gainera bizi ditugun garaiotan hitzaren garrantzia azpimarratu nahi izan du Lehendakariak: “mintzoak egiten gaituela gizaki esaten dute jakintsuek. Hitzez adierazten ditugu gizakiok gure premiak; hitzez, gure nahiak, maitasunak eta gorrotoak, gure beldurrak eta esperantzak. Bizi duguna hitzez kontatzen diogu geure buruari eta lagun hurkoari. Bizi dezakeguna, baita ere, bizi nahi ez genukeena bezainbat. Errealitatea kontatzen diogu elkarri eta ametsak baita ere: fikzioak. Fikzioak asmatzen dituzten izaki bakarrak omen gara. Mintzoaren gaitasuna dugulako. Hitzaren ordez buila, liskarra, garrasia, biolentzia neurriz kanpo nagusitzen ari zaizkigun garaiotan, bereziki garrantzitsua da hitzaren balioa aldarrikatzea.

Muxikebarrin egin den ekitaldian saridunen hitzak entzuteko aukera ere izan da eta beraien liburuen pasarteak irakurri dira Amoranteren musika zuzenean entzutearekin batera.

Aurtengo zazpi sarituen gaineko informazio gehiago hurrengo bi esteketan: