Recreakultek bizitza berri bat ematen die kultura-esparruan erabilitako materialei

Recreakult errealitate bihurtu zen 2021eko irailean, baina, horren aurretik, Shandra Martínezek, proiektuaren sustatzaileak, urtebete lehenago, lankide batekin batera, ikerketa-ildo bati ekin zion. Ildo horretan, zehatz-mehatz aztertu zituen eredu zirkularrak kultura-esparruan dituen aukerak, indarrean dagoen araudia eta arlo horretan arte- eta kultura-arloko erakundeetan eta ekoizpenetan lurraldean, estatuan eta nazioartean egiten ari ziren praktikak. Hala, ikerlan hori ‘Cultura y Economía Circular: transición hacia una economía sólida y circular desde el sector cultural’ izeneko azterlan batean bihurtu zen, eta hainbat sari jaso ditu, horien artean SGAE Fundazioaren 2021eko Ikerketa Lan Onenaren Saria. Hasiera batean kontsumitzaile gisa arreta eman zion eredu hori Recreakulten funtsa bihurtu da. 

Martínez kultura-kudeatzailea da, eta berak azaltzen duen bezala, “arte-kultur proiektuen kudeaketan, koordinazioan eta ekoizpenean egin dudan lanak gure erakunde, prozesu, proiektu eta jardueretan sortzen diren, eta zalantzazko baldintzetan edo zuzenean zaborretan pilatzen diren baliabide materialen bolumen zenbatu gabea ezagutzeko eta behatzeko aukera eman dit”. Gainera, Martínezek dio horri azpiegituretan sortzen diren karbono dioxidoaren igorpen ugariak gehitu behar zaizkiola, hala nola antzokietan, entzunaretoetan edo museoetan. 

Recreakultek, Gipuzkoako Berrerabilpenaren eta Birziklapenaren klusterreko (GK Recycling) kideak, hainbat lan-eremu garatzen ditu. Alde batetik, material artistiko-kulturalak sailkatzeko eta katalogatzeko zerbitzuak eskaintzen ditu, erakundeei zer duten eta nola duten behatzen laguntzeko eta horrekin zer egin baloratzeko. Ekintza honek materialen trazabilitatea neurtzen eta optimizatzen laguntzen du, hondakinak murrizteko. 

Material horiek berreskuratu, egokitu eta sektoreko profesionalei eskaintzen dizkie berriro, salmentaren edo alokairuaren bidez, berrerabilpena eta errebalorizazioa bultzatuz. Recreakultek kontaktu eta kolaboratzaile sare bat du, eragile eta erakunde artistiko-kulturalei behar dituzten elementuak bilatzen eta aurkitzen laguntzen diena, eta katalogo birtual bat ere du, berreskuratutako artikuluak horien eskura jartzeko.  

Bestalde, biltegiratze fisikorako gune bat eskaintzen du Donostiatik gertu, kultura-erakunde eta -eragileek beren materialak uzteko. Gainera, tailer teorikoak eta praktikoak baita hitzaldiak ere egiten ditu, sektore artistiko-kulturalean ekonomia zirkularrari begira, eta gaia ikertzen jarraitzen du, proiektuaren jatorrian egiten zuen bezala.  

Bezeroei dagokienez, gaur egun Euskadiko kontaktu-sare eta -kopuru zabalarekin lan egiten du, baina, batez ere, Gipuzkoan jarduten du, gertutasun- eta iraunkortasun-kontuengatik. Hala, hainbat proiektutan parte hartu du Koldo Mitxelena Kulturunearekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailarekin, Euskal Itsas Museoarekin, San Telmo Museoarekin, Cristina Enea Fundazioarekin eta Donostia Zinemaldiarekin. Baina bere prestakuntza-lana beste probintzia batzuetara zabaltzen da, besteak beste, Santander Creativa fundazioa, Bilbao Ekintza edo Euskal Diseinuaren Elkartea bezalako bezeroekin. Nazioarteko topaketetan ere izan da Nanteseko Biennales Internationales du Spectaclean, eta gai horretan aitzindariak diren erakundeekin bildu da, hala nola, Parisko Reserve des artsekin. 

Etorkizunari begira, Recreakultek ohiko praktika sistemikoa sendotu nahi du eko-kontzepzioaren eta berrerabileraren arloan, baina, aldi berean, hainbat lan-ildo ditu pentsatuta, biomaterialekin eta material jasangarriago berriekin zerikusia dutenak. Era berean, erraz muntatzeko eta desmuntatzeko moduko elementuak ekoitzi eta diseinatu nahi ditu, biltegiratzea, garraioa eta iraunkortasuna errazteko. 

SPRI Taldeak laguntza integralaren bidez berrikuntza, ekintzailetza eta barne-ekintzailetza laguntzen ditu, ideiak merkatura modu arrakastatsuan irits daitezen. Aurrera, Basque Fondo, Bind 4.0, Ekintzaile edo Barnekintzailetza ekintzailetzarako laguntza-programen bidez egiten du hori.