UPV/EHUk 252 milioi euro lortu ditu azken bost urteetan ikerketa eta transferentziaren bidez

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) 252 milioi euro baino gehiago lortu ditu, 2019tik 2023ra bitartean, 257 ikerketa-taldek proiektuetan eta kontratuetan egindako lanari esker. Talde horietan 3.400 ikertzailek egiten dute lan, 2019. urtean baino % 14 gehiago. Horiek dira Eva Ferreirak, euskal unibertsitate publikoko errektoreak, eman dituen datu garrantzitsuenetako batzuk gaur eskaini duen prentsaurrekoan. Agerraldian, Inmaculada Arosteguik, Ikerketaren arloko errektoreordeak eta Guillermo Quindosek, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak ere hartu dute parte.

Prentsaurrekoan, UPV/EHUko ordezkariek 20242027 aldiko III. Ikerketa eta Transferentzia Plana aurkeztu dute, baita 20192022 aldiko Ikerketa Planaren emaitza nagusiak ere. Era berean, datuak eguneratu dituzte 2023ko zenbakiak emanez eta euskal unibertsitate publikoan azken bost urteetan egin den ikerketa jardueraren ikuspegi orokorra eskainiz.

Eva Ferreira errektorearen iritziz: “Euskal Herriko Unibertsitateak ikerketa eta transferentzia bere unibertsitate-proiektuaren ezaugarri bihurtu ditu. Hala erakusten du azken urteetan lortutako emaitzen bilakaera nabarmenak. Gure autonomia-erkidegoko lehen ikerketa-erakundea gara, eta ekoizpen zientifikoan Estatuko 8 unibertsitate onenen artean gaude. Horregatik, plan berriaren helburu nagusiak dira nazioarteko proiekzioa indartzea, gure herrialdeko ikerketaren buru izaten jarraitzea eta emaitzak hobetzea, gure gizarteak egiten duen inbertsioaren balioa handitzeko eta haren ongizatean laguntzeko xede irmoarekin”.

Plan berria aurkeztu aurretik, euskal unibertsitate publikoan azken bost urteetan (2029-2023) egin den ikerketa jardueraren datu orokorrak eman dituzte. Horrela, aldi horretan lortutako diru sarrerek izan duten  goranzko joera nabarmendu dute: 2019an 39,66 milioi euro izan ziren eta 2023an 69,02 milioi euro. Hala, 252.190.000 euro izan dira guztira aipatutako bosturtekoan. Ondoren, datuak arloka banatuta eman dituzte: ikerketa, batetik; eta jakintzaren transferentzia, bestetik.

Horrela, UPV/EHUk doktorego aurreko eta doktorego ondoko 913 kontratu zituen 2023. urtearen amaieran (743, 2019. urtean). Aipatutako bost urteetan 2.214 doktorego tesi irakurri dira, eta horietako 949k (% 43) nazioarteko aipamena dute. Defendatutako doktorego-tesietatik, % 14 baino gehiago euskaraz egin dira, eta azken horien erdiek nazioarteko aipamena dute.

Euskal Autonomia Erkidegoak jaso dituen 19 ERC laguntzetako 11 euskal unibertsitate publikoan daude (ERC Grants laguntzak “Horizon Europe” programako proiektu entzutetsuenak dira, oso lehiakorrak: finantziazio iturria ikertzaile bikainentzat, zeintzuek aukeratzen duten laguntza gauzatzeko erakundea). Bestalde, 243 pertsona etorri dira Marie Sklodowska-Curie (MSCA) programaren bidez, nazioarteko mugikortasunari garrantzi handia ematen dioten laguntzak, eta pertsona horiek hilabetetik gorako egonaldiak egin dituzte UPV/EHUn aipatutako aldian.

20192022 aldiko Ikerketa Plana indarrean egon den bitartean Euskal Herriko Unibertsitateko 14.792 artikulu egon ziren indexatuta WoSen (Web of Science), % 57,3 lehen kuartilean); eta 15.525 Scopusen, % 66,5 lehen kuartilean (atal honetan oraindik ez daude eskura iazko emaitzak). Aipatutako bi datu base horiek mundu osoko ikertaldeen lanari buruzko aipamenak eta erreferentzia bibliografikoak jasotzen dituzte. Horregatik guztiagatik, UPV/EHU EAEko lehen ikerketa erakundea da, eta estatuko lehenengo zortzi unibertsitateen artean dago jarduera horretan.

Jakintzaren transferentziari dagokionez, aztertu diren bost urteetan, balio erantsi handia duten oinarri teknologikodun 58 enpresa (spinoff) sortu dira, UPV/EHU Estatuko lehenengo unibertsitatea da mota honetako enpresak sortzen. Era berean, 69 patente berri erregistratu dira.< Bestalde, enpresekin, erakundeekin eta elkarteekin elkarlanean gelak sortzeko ekimena indartu egin da. Euskal unibertsitate publikoak 50 gela aktibo ditu gaur egun. Horietako bost dira unibertsitateagizartea gelak, 28 unibertsitateaenpresa gelak, eta 17 gela teknologiko eta instituzionalak. Sortutako gelen kopuruak nabarmen egin du gora azken urteetan. Esate baterako, 2023. urtean 13 gela berri sortu ziren.

Helburu berriak ikerketan eta transferentzian

Euskal Herriko Unibertsitateak III. Ikerketa eta Transferentzia Plana onartu zuen Gobernu Kontseiluak apirilaren 24an egin zuen bileran. Plan hori 20242027 aldirako da. Plan berriaren helburu nagusiak honako hauek dira: UPV/EHUren nazioarteko proiekzioa eta lidergo soziala  indartzea; ikerketa talde finkatuen parte hartzea sustatzea graduondoko prestakuntzan, ezagutzaren transferentzian eta dibulgazioan (eta hori dena Garapen Iraunkorrerako Helburuekin lotuz); eta unibertsitateaenpresagizartea gelen sarea, unibertsitate katedrak, eta gizarte eta enpresa sarearekin elkarlanean aritzeko bestelako tresnak sustatzea.

Datozen urteetan, nazioarteko proiekzioa nabarmen handituko da, 2023tik aurrera doktoratu aurreko eta doktoratu ondoko ikertzaile guztiek nazioarteko egonaldia egin beharko baitute. Euskal unibertsitate publikoak espero du neurri horrek 9 puntu handituko duela nazioarteko aipamena duten tesien ehunekoa. Unibertsitateak ere Zientzia Irekiaren aldeko apustu irmoa egingo du: 2027rako irekian dauden argitalpenen kopurua % 20 handitzea espero du.

Eta helburu horiek lortzeko honako gako nagusiak jasotzen ditu planak: ikerketan laguntzeko langileen espezializazioa eta langile kopurua gehitzea; lerro estrategikoen finantzaketa estrukturala eta epe luzeko sendotzea, eta berezik, ikerketa zentro propioena; eta aliantzak indartzea BERCekin (Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroak) eta ikerketa biosanitariorako institutuekin ikerketan, transferentzian eta prestakuntzan.