Itxasok iragarri du Etxebizitza Sailak bitartekari-lanak egingo dituela 1.000 BOEren salerosketetan urtean, eta eroslea aukeratuko duela gainprezioen iruzurra desagerrarazteko

  • Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak Cadena SerEuskadi irratiko La Ventana Euskadi programan Eva Domaikarekin egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, Saila legegintza-erreforma bat lantzen ari da “etxebizitza babestuen bigarren eta ondorengo eskualdaketak kudeatuko dituen higiezinen agentzia publiko handi bat” osatzeko
  • Neurri horren bidez, Eusko Jaurlaritzak salmenta altzarien truke gainprezioak ordaintzera baldintzatzean oinarritutako iruzurrari aurre egin, esleipenen kudeaketa bere gain hartu eta esleipen horiek Etxebiderenetxebizitza-eskatzaileen erregistroaren bitartez bideratu nahi ditu. 
  • Itxasok gogorarazi duenez, kalifikazioa galtzear dauden Benta Berriko eta gainerako eremu tentsionatuetakoBOEek “babesa izaten jarraituko dute” izendapenak indarrean jarraitzen duen bitartean: Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, 2027tik aurrera 900 etxebizitza inguru geratuko dira neurri horren babespean 

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok astearte honetan iragarri duenez, Saila Etxebizitzaren Euskal Legearen erreforma bat lantzen ari da, Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzen (BOE) salerosketetan aktiboki bitartekari-lanak egin ditzan, Etxebideren etxebizitza-eskatzaileen erregistroaren bitartez eroslea izenda dezan eta, horren bidez, ezkutuko gainprezioen kobrantzari lotutako iruzurrezko jardunbideak saihestu ditzan. 

Iragarpena Eva Domaika kazetariak Cadena SER irratian zuzentzen duen La Ventana Euskadi programan egindako elkarrizketa batean egin du. Bertan azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburua da salmentan dauden BOEen bigarren eta ondorengo eskualdaketen gaineko kontrol publikoa indartzea, bereziki babes iraunkorra duten etxebizitzen eta 2003. urtearen aurrekoak diren eta aldi baterako araubidearekin jarraitzen duten sustapenen kasuan. 

“Lortu nahi duguna da Eusko Jaurlaritzak erabakitzea nork erosiko dituen etxebizitza horiek”, adierazi du sailburuak, eta ohartarazi du zabaltzen ari direla batez ere altzariei lotutako fikziozko kontzeptuei jarraikiz eskrituraz kanpoko ordainketa gehigarriak eskatzean oinarritutako jardunbide irregularrak. “Ia instituzionalizatzen ari den arazo bat detektatu dugu, hots, babestutako etxebizitzen salerosketa altzariei esleitu ohi zaien gainprezio baten truke”, adierazi du. 

Orain arte, Eusko Jaurlaritzak horrelako eragiketetan izan duen esku-hartzea eskualdaketei oniritzia ematera mugatzen zen, erosleak etxebizitza babestua eskuratzeko eskatutako betekizunak betetzen zituela egiaztatzeko, baita lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea salbuespenez baliatzera ere, iruzurraren zantzu egiaztatuak zeudenean.Etxebizitza Sailaren ustez, jardunbide horiek zabaltzen ari direnez gero, kontrol publiko handiagoa behar da parke babestuaren funtzio soziala babesteko. Erreforma prestatzen ari den bitartean, BOE baten jabea den edonork BOE hori saldu nahi badu, etxebizitzako lurralde-ordezkaritzei jakinarazi beharko die, eta haiek hartuko dute beren gain prozesuaren bitartekaritza.Esleipena ez da egongo partikularren arteko akordio pribatuen mende, eta Etxebideren bitartez bideratutako prozedura garden baten bidez egingo da. “BOE baten jabeak saldu nahi duenean, Eusko Jaurlaritzaren etxebizitzako lurralde-ordezkaritzetara etorri beharko du eta saldu nahi duela esan, eta guk esango diogu nork erosiko dion”, azaldu du Itxasok.  

Zehaztu duenez, sistemak Etxebiden inskribatuta dauden eta erosketa-modalitatearekiko interesa agertu duten pertsonak hartuko ditu erreferentziatzat —24.000 bizikidetza-unitate inguru (guztien % 20)—, eta hainbat faktore baloratuko ditu, hala nola etxebizitzaren egokitasuna bizikidetza-unitatearen tamainarako, erosleak erregistroan duen antzinatasuna edo familiaren behar espezifikoak. “Eroslearen beharra etxebizitzaren tamainara zer neurritan egokitzen den, Etxebiden zenbat urte daramatzan zain eta hautagairik egokiena aukeratzea ahalbidetuko diguten beste elementu batzuk ebaluatuko ditugu”, azaldu du. Sailburuak adierazi duenez, saltzaileak erosle bat epe laburrean eta ziurgabetasunik gabe izatea da helburua. “Hiru edo lau hilabeteko epean gehienez, Eusko Jaurlaritzak esango dion erosle bat izango du saltzaileak”, gaineratu du. 

Etxebide, esleipen-bidea, erosteko ere bai 

Sailaren ustez, neurri horrek aukera emango du erosketa-erregimeneko etxebizitza babestuen eskariari eman beharreko erantzun publikoa zabaltzeko, lehendik dagoen parkea efizientzia handiagoarekin mobilizatzeko eta etxebizitza babestuek beren sustapenaren helburua betetzen jarraituko dutela bermatzeko.Ildo horretan, Itxasok adierazi du prozedurak gardentasuna eta justizia soziala indartuko dituela etxebizitza babestuak eskuratzeko garaian. “Horren bidez, iruzurra eragotziko dugu, joko-arauak aldatuko ditugu eta Eusko Jaurlaritza, neurri handian, etxebizitza babestuen higiezinen agentzia publiko handi bat izango da”. 

Gogorarazi duenez, urtean BOEen mila salerosketa-eragiketa inguru egiten dira Euskadin. “Urtero 1.000 transakzio ingururi ematen diegu oniritzia, eta haietako askotan iruzurra instituzionalizatu egin dela ikusten dugu, kobratzen den gainprezio bat baitago”, azaldu du. Etorkizuneko legegintza-aldaketak lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko figurari eutsiko dio, baina salerosketa-prozedura arrunta berriz zehaztuko du. “Saltzaileari ez diogu eskatuko erosle batekin etor dadin, guk emango baitiogu”, laburbildu du sailburuak. 

Eredu berriak, gainera, esleipen publikoko sistematik kanpoko aukerako eskualdaketak galaraziko ditu. BOE bat senide bati saltzeko aukerari buruz galdetu zaionean, Itxasok argi eta garbi erantzun du: “Lurzoru publikoan eta diru publikoarekin eraiki zen etxebizitza hori gehien behar duenari eta etxebizitza horren beharretara eta azalerara hobekien egokitzen denari emango zaio”. 

Benta Berri eta babesa galdu behar zuten BOEak 

Elkarrizketa baliagarria izan da, halaber, bigarren neurri garrantzitsu bat gogora ekartzeko: 2003. urtea baino lehenagoko erregimenetan eraiki ziren eta kalifikazioa galtzear zeuden etxebizitzen babes ofizialaren luzapena, betiere eremu tentsionatu izendatutako udalerrietan badaude. Iragarkiak zuzenean hartzen ditu eraginpean 2003an onartutako babes iraunkorreko euskal erregimena ezarri aurretik eraikitako Donostiako Benta Berriko 510 etxebizitzak. “Eremu tentsionatuetan, aldi baterako kalifikazioa duten etxebizitza horien kalifikazio hori luzatu egingo da, eremu tentsionatuaren figurak indarrean jarraitzen duen bitartean”, azaldu du sailburuak. 

Eusko Jaurlaritzaren arabera, 2027tik aurrera Euskadiko 1.070 etxebizitza babestu inguru geratuko lirateke kalifikazioa galtzear, eta haietako 900 inguru eremu tentsionatu izendatutako udalerrietan daude. “Horrek esan nahi du gehien-gehienak salbatuko ditugula figura horrek indarrean jarraitzen duen bitartean”, azpimarratu du. Neurria aldi baterako izango da, eta eremu tentsionatuaren izendapenaren indarraldiari lotuta geratuko da. Izendapen hori aldizka berritu behar da. Donostiaren kasuan, adibidez, etxebizitzek babestuta jarraituko dute udalerriak izaera hori berritzen badu. 

“Lege bat ezin dugu atzeraeraginezko ondorioekin aldatu hasiera batean babesik aurreikusita ez zuten etxebizitzei babes iraunkorra emateko, baina Estatuko legeari helduko diogu merkatua kontrolatzeko, etxebizitzak funtzio soziala duela eta behar-beharrezko ondasuna dela dioen printzipioari jarraikiz”, defendatu du Itxasok. 

Egindako elkarrizketan, sailburuak adierazi du, gainera, Sailak uda baino lehen eremu tentsionatu izendatutako udalerrietako alokairu-merkatuaren bilakaerari buruzko datu zehatzagoak izatea espero duela, baina aurreratu du lehenengo joeren arabera prezioek behera egin dutela eta errentan hartutako etxebizitzen bolumena mantendu egin dela. “Ikusten duguna da prezioak moteltzen eta behera egiten ari direla, eta alokairu-kontratupeko etxebizitzen kopurua murrizten ari ez dela, inondik ere”, adierazi du. 

Era berean, aurreratu du aldaketak egingo direla Etxebidearautzen duen dekretuan, gazteen emantzipaziora bideratutako zuzkidura-apartamentuen zeregina indartzeko eta lanbide arteko gutxieneko soldatari lotutako diru-sarreren gutxieneko atalase bat gehitzeko, eta neurri berriak hartuko direla adinekoei egokitutako bizitokiak eskuratzeko aukera errazteko, etxebizitzak aldi batez programa publikoetarako (Bizigune programarako, adibidez) lagatzearen bidez. 

Itxasok, azkenik, hainbat laguntzaren bidez (hala nola Gaztelagunlaguntzen bidez) gazteen etxebizitza partekatuen formulen babesa zabaltzea defendatu du, eta logelen alokairuarekin eta erroldatzeengatiko legez kanpoko kobrantzarekin lotutako jardunbide irregularren inguruko ohartarazpena egin du. Fenomeno horiek, ohartarazi duenez, “agerian uzten dute etxebizitza-larrialdia zein neurritaraino ari den tentsionatzenetxebizitza eskuratzeko beharra”.