- Lehen deialdi honetako 13 kategorietan eta 10 eskalatan izena emateko epea ekainaren 1ean amaituko da, epidemiologiako eskalan izan ezik, epea ekainak 11n amaituko baita
- Aurtengo urterako aurreikusitako gainerako kategoriak eta eskalak irailean eta urrian deituko dira
Dagoeneko ia 3000 pertsonak eman dute izena gaitasunetan oinarritutako lehen Administrazio Orokorrerako EPEan. Lehen deialdian sartu diren 13 kategorien, osasun arloko 5 eskalen eta espetxeetako 5 eskalen horien inguruko informazioa kontsultatu daiteke ondorengo estekan. Guztira 201 plaza deitu dira lehen deialdi honetan.
Horien oinarri orokorrak eta espezifikoak argitaratuta daude, baita hainbat azterketa-eredua eta laster gaitasunen araberako ebaluaziorako proba ereduak eta gaitasunen hiztegia argitaratuko dira, hautagaien plangintza eta prestakuntza errazteko.
Izen-emateak euskadi.eus webgunearen bidez egin ahal izango dira, ekainaren 1era arte. Epidemiologia eskalan izen ematea ekainaren 11n amaituko da. Lehen deialdi honetako lehen azterketak urrian egingo dira.
Administrazioaren modernizazio eta eraldaketa
Lanpostuak egonkortzeko prozesua amaitu ondoren, Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoaren aro berri bati ekin dio, gaitasunetan oinarritutako EPEkin administraziora profil berriak batzeko eta belaunaldi-erreleboari aurre egiteko.
Gaitasunen araberako hautaketa-eredu berria Eki Planaren baitan kokatzen da eta ikuspegi berritzailea dakar, izan ere, hautagaiak, ezagutzetatik harago, lanpostua betetzeko dituzten gaitasunengatik eta trebetasunengatik hautatuak izango dira.
Administrazioaren modernizazio eta eraldaketa prozesu betean, enplegatu publikoek funtsezko zeregina dute, haiek egiten dutelako eta egingo dutelako eraldaketa hori posible, herritarrak ardatz dituen administrazio gizatiarrago, digitalago eta eraginkorrago baten alde.
Hurrengo deialdiak irailean eta urrian
Aurtengo urterako aurreikusitako gainerako kategoriak eta eskalak irailean eta urrian deituko dira, dagoeneko argitaratutako behin-behineko egutegian ikus daitekeen bezala. Eskala eta kategoria guztiei dagozkien gai-zerrendak ere hautagaien eskura daude.
Enplegu Publikorako Eskaintzak martxan jarrita, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu saila aurrera dihardu hautaketa-prozesuen modernizazioan eta zerbitzu publikoen hobekuntzan, bikaintasunera bideratutako eredu irekiago baten alde.




























