Euskara ikasteko dirulaguntza deialdia Zarautzen

Zarauzko Udalak euskara ikasteko dirulaguntza deialdia zabaldu du, herritarrek euskalduntze- eta alfabetatze-ikastaroetan egindako matrikula-gastuei aurre egin ahal izateko.

Egun, Zarautzen herritarren %74a elebiduna da. Ehuneko hori mantentzea, eta ahal dela handitzea, du helburu Udalak, eta horretarako euskara ikasteko dirulaguntzak eskaintzen ditu.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

•    2025-2026 ikasturtean zehar euskalduntze- edo alfabetatze-ikastaroren bat egina izatea.
•    Dirulaguntzaren xede den ikastaroak irauten duen bitartean Zarauzko udalerrian erroldatuta egotea.
•    Ikastaroan eskainitako orduen %80, gutxienez, hartu izana.

Guztira, 39.437 euro banatuko ditu Udalak jasotako eskabideen artean, honela banatuta:

Uztaila baino lehen amaitutako ikastaroak (35.937 euro):

•    Matrikularen %75, oro har.
•    Matrikularen %100, langabezian dauden ikasleentzat.

Udako ikastaroak (3.500 euro):

•    Matrikularen %50, oro har.
•    Matrikularen %75, langabezian dauden ikasleentzat.

Eskaerak aurkezteko epeari dagokionez, 2026ko uztaila baino lehen amaitutako ikastaroak egin dituztenek, 2026ko ekainaren 29tik uztailaren 10era egin beharko dituzte eskaerak. 2026ko uztailetik irailera bitartean egindako ikastaroentzako, aldiz, 2026ko irailaren 28tik urriaren 9ra aurkeztu beharko dira

Eskabideak bi bidetatik aurkeztu ahal izango dira:

•    Aurrez aurre, Udaletxeko HAZ Herritarren Arreta Departamentuan (Kale Nagusia, 29), astelehenetik ostiralera, 7:30etik 15:00etara (udako ostegun arratsaldeetan itxita egongo da).
•    Telematikoki, Udalaren zerbitzu telematikoen bidez, ESKAERA TELEMATIKOA estekaren bitartez.

Zalantzarik izanez gero, Euskara Departamentuarekin harremanetan jarri daiteke, 943-005116 telefonora deituz edo [email protected] helbidera mezua bidaliz.