Basque Segurtasun Foroak Urola Erdiko eskualdeko segurtasun-erronkak aztertu ditu

  • Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Bidania-Goiatz, Errezil eta Zestoa udalerrietako 35 ordezkari baino gehiagok partekatu dute gaur arratsaldean eskualdeko segurtasunari buruzko beren ikuspegia.

Azkoitiak gaur arratsaldean Basque Segurtasun Foroaren 20. bilera hartu du, eta bertan Urola Erdia eskualdeko Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Bidania-Goiatz, Errezil eta Zestoa udalerrietatik etorritako 35 ordezkari lokal baino gehiagok hartu dute parte. Topaketan zehar, parte-hartzaileek hainbat dinamika parte-hartzaileren bidez gogoeta egin dute eskualde honetako segurtasunaren egoeraz, diagnostiko, esperientzia eta proposamenak trukatzeko gune bat sustatuz.

Bileran ikuspegi desberdinak partekatu dira, elkarbizitza indartzeko eta erakundeen zein tokiko eragileen arteko koordinazioa hobetzeko helburuarekin, ikuspegi polizial soila gaindituz eta prebentzio-ikuspegiak ere txertatuz. Landutako gaien artean honako hauek nabarmendu dira: larrialdien kudeaketa, ziberdelinkuentzia, emakumeen aurkako indarkeria, bide-segurtasuna, droga-kontsumoa eta klima-aldaketa eta horrek lurraldean dituen ondorioak.

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia izan dira topaketaren buru, eta bertan elkartu dira eskualdeko udaletako ordezkariak, auzo-elkarteak, garapen-agentziak, enpresak, baita Ertzaintza-ko, udaltzaingoetako eta Babes Zibileko arduradunak ere.

Parte-hartze prozesua Euskadi osoan

Gaurkoa Basque Segurtasun Foroaren hogeigarren bilera izan da, aurretik Gasteizen, Ibaizabalen, Bidasoan, Mungialdean, Goierrin, Debagoienan, Meatzaldean, Arabako Errioxan eta Arabako Mendialdean, Oarsoaldean, Bilbon, Aiaraldean, Urola Kostan, Lea-Artibain, Ezkerraldean, Debabarrenean, Enkarterrin, Araban eta Gipuzkoan egindako saioen ondoren.

Basque Segurtasun Foroa parte-hartze prozesu bat da, segurtasunari buruzko diagnostiko partekatu bat ikuspegi integral batetik eraikitzeko. Prozesu horretan, hainbat erakundek, entitatek eta eragilek topagune bat izango dute kezkatzen dituen segurtasunarekin lotutako gaiak lantzeko: herritarren segurtasuna, larrialdi klimatikoa, mugikortasuna, ekitaldi handiak, zibersegurtasuna, larrialdiak

Foroaren hurrengo bilera martxoaren 16an egingo da, Getxon.