Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak, Haurren, Nerabeen eta Familiaren Zuzendariordetzaren bitartez, lanean jarraitzen du adingabeak babesteko sistema behar bezala dimentsionatzeko. Haurren Plan Estrategikoan (laster onartuko dena) jasota dagoen moduan, zentroak, egoitza-baliabideak, plazak eta talde profesionalak gehitzeko lanean ari dira, Foru Exekutiboak babestutako haurren beharretara egokitutako arreta, kalitatezkoa eta pertsonalizatua eskaintzearren, azken urteetan horien kopurua etengabe hazten ari da eta.
Jarduera-esparru horretan, eta foru-lurralde osoan banaketa orekatze aldera, abenduaren 1etik aurrera abian da Elizondon harrera-zentro berri bat, bakarrik dauden 20 neska-mutiko adingabe atzerritarrentzat, eta enplegagarritasunera eta gizarteratze soziokomunitario eta soziolaboralera bideratuta dago. Nafarroako Gobernuaren zentroa Gizain Fundazio Publikoak kudeatzen du, eta 26 profesionaleko talde bat ari da lanean; horietatik 20 gizarte-hezitzaileak dira.
Egoitza-baliabide berrian Lekarozko BHI institutuan ikasketa arautuak egiten ari diren mutilak bizi dira; hau da, tokiko laneratze-enpresa batean lanean ari direnak; CNAIko zentroaren garbiketa-, sukaldaritza- eta mantentze-zerbitzuak eskaintzen ditu enpresa horrek, eta English Week-eko ikasleak hartzen ditu. Halaber, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez arotzeriako, elektrizitateko edo biltegirako edo hipermerkatuetarako eskaerak prestatzeko prestakuntza-ikastaroak jasotzen dituztenak ere bizi dira bertan.
Baliabideak gizarteratze-, komunitate- eta laneratze izaera nabarmena du, eta bertako egoiliar guztien enplegagarritasuna eta prestakuntza areagotzera bideratzen da.
Younes eta Yassir, 2 hilabete lanean English Week-erako laneratze-enpresa batean
Younes Trissian marokoarra da, 17 urte ditu, eta duela bi hilabete hasi zen lanean Malerreka Common Zerbitzuak gizarteratze-enpresan, Yassir Abderrahim lankidearekin batera. Azken horrek ere 17 urte ditu eta Marokokoa da. Biek CNAIk (Hizkuntzak Ikasteko Nafarroako Zentroa) Lekarotzen duen zentroan egiten dute lan, eta bertan English Week garatzen da; hots, ingelesa ikasteko astea. Urtero Nafarroako ikasle askok hartzen dute parte bertan.
Younesek eta Yassirrek logelak eta instalazioak garbitzeko lanak egiten dituzte, eguneroko menuetarako bazkaria eta afaria prestatzen laguntzen dute, eta eraikina mantentzeko lanak ere egiten dituzte. Younes Trissianek dio “lana egin nahi zuela dirua irabazteko”. Yassir Abderrahimek esan digu Espainian egiten duen lehen lana dela, eta goizean 07:30ean sartzen dela lanera. “Oso pozik nago, lana egin nahi dut, sukaldaritza izugarri gustatzen zait”. “Etorkizunean bakarrik bizitzeko eta lasai egoteko lan egin nahi dut”. Elizondon oso ondo hartu dituztela diote biek. Younes Trissianek honela adierazi du: “herrian oso ondo egoten da. Elizondo gustatzen zait”. Yassirrek honako hau gehitu du: “dena oso berdea da, eta animalia asko daude”. Biek euskarazko hitz batzuk ikasi dituzte jada: “Kaixo, Agur”.
Gizarteratzeko enpresaren arduraduna den Txus Irigoienek ziurtatu duenez, “esperientzia ona da. Haientzat lehen lana da, eta gogo handiarekin etorri dira, esperientzia oso positiboa. Denetarik egiten dute: logelak, bainugelak, zona komunak garbitu; janaria prestatu, jantokiko lanak, mahaiak”.
Ikastaroak eta akreditazio profesionalak NEZekin eta Lekarozko BHIren prestakuntza
20 mutiletatik 4 Lekarozko BHIn DBHko 4. mailako ikasketak egiten ari dira. Goizero, eskolara joaten dira ikastetxeko gainerako ikasleekin batera.
Bestalde, 13 mutil beste ikastaro batzuetara joaten dira Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez. Horietako batzuk arotzeriako eta zur-lanetako prestakuntza- eta enplegu-tailer batean inskribatuta daude. Prestakuntza horren bitartez, gizarteratzea hobetu nahi da prestakuntza onura publikoko eta interes sozialeko obra edo zerbitzuetan lana egitearekin partekatuz.
Besta batzuk instalazio elektroteknikoak eta telekomunikazioetakoak muntatzeko eragiketa osagarrien ikastarora joango dira, eta, besteak beste, eraikinetako instalazioei, komunikazio-ekipoak eta sistemak konpontzeari, telefono-instalazioei edo telebista-antenei buruzko prestakuntza jasoko dute. Ikastaro horren bitartez ziurtagiri profesionala lor daiteke; hots, izaera ofizialeko egiaztagiria, lurralde osoan balio duena eta jarduera profesional bat garatzeko gaitasuna ziurtatzen duena. Azkenik, beste mutil batzuek merkataritza-jarduera osagarrietarako eta eskaerak prestatzeko ziurtagiri profesionalarekin loturiko beste ikastaro batean parte hartzen dute, hipermerkatuan apalak betetzen aritzeko, hurbileko produktuak banatzeko, enbalatzeko edo langile-arloan lan egiteko edo merkataritzako mendeko laguntzaile izateko postuetarako.
Gainera, hala behar duten egoiliar guztiek gaztelaniazko eskolak jasotzen dituzte egunero egoitza-zentro berean.
Yahia Laibek 17 urte ditu eta Aljeriakoa da. Duela 6 hilabete etorri zen Espainiara, eta Elizondon ondo hartu dute. “Kalera irteten garenean, agurtu egiten gaituzte eta zer moduz gauden galdetzen digute; jendea jatorra da”. Elektrizitatea ikasiko du, eta ikastea eta lan egitea gustatuko litzaioke, etorkizunean iturgina izatea. Pozik dago Nafarroan duen esperientziarekin. “Espainiak nire herrialdeak baino etorkizun handiagoa du, Aljerian etorkizun gutxi dago; hemen hobea da”.
Bizikidetza-batzordeak, inguruan ondo integratzea eta kirola egitea
Elizondon adingabeen baliabide berria ireki baino hilabete batzuk lehenago, Nafarroako Gobernuak, Haur, Nerabe eta Familiaren Zuzendariordetzaren bidez, inguruan bizikidetza-batzorde bat sortzea bultzatu zuen. Batzordea Baztango udaleko ordezkariek, kultura, gizarte eta kirol erakundeek eta Nafarroako Gobernuko arduradunek osatzen dute. Batzorde horien helburua da zentroaren garapenaren eta bilakaeraren inguruko informazioa ematea eta trukatzea eta, batez ere, erantzun partekatua koordinatzea, adingabeak ingurunean gizarteratzea errazteko.
Ildo horretan, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentua bizikidetzako eta jarraipeneko batzordeak sortzen ari da zentro berriak ireki berri diren herrietan, eta, batzorde horietan, Haur eta Nerabeen Zuzendariordetzako langileez gain, Migrazio Politiken Departamentuko langileek, Bizikidetzako Zuzendaritza Nagusikoek eta udalerri bakoitzeko erakunde eta elkarteek hartzen dute parte. Informazio-hitzaldiak ere egiten dira kolektiboentzat edo, oro har, herritarrentzat.
Batzorde horien bidez, bizikidetza, integratzeko giro ona eta udalerriekin koordinatutako lana bultzatu eta erraztu nahi dira, mutilak haraneko bizitza sozialean, kulturalean eta kirolean sar daitezen eta integratzeko erronkak jorra daitezen.
Ildo horretan, zentroko bi egoiliar Baztan Rugby Taldean, lehen mailako errugbi talde nazionalean, entrenatzen hasi dira. Bouzid Abdelmalekek eta Mohamed Merouane Toumik astero entrenatzen dute taldeko kideekin, eta arduradunek diote, hizkuntza-zailtasunak izan arren, ondo integratu direla entrenamenduetan.
Nafarroako Gobernuko Haurren, Nerabeen eta Familien zuzendariordea den Amelia Cuarterok adierazi duenez, Elizondoko zentroak “adingabe migratzaileak artatzen ditu, eta haiei laguntzeko lan-eredu bat du; horrela, bizi-proiektu bat sortzen dute, oinarri emozional eta psikologiko batekin. Haien migrazio-prozesua lantzeaz gain, batik bat, haien prestakuntza eta gizarteratze soziolaborala bilatzen da: guztiek izan behar dute lan-orientazioko proiektu bat”.
Cuarterok nabarmendu du, gainera, “komunitate-ingurunearekiko harremana ere lantzen dela: kirola, aisia, kultura, denek izan behar dituzte sustraiak. Elizondon, harrera oso ona izan dugu, bai Udalaren aldetik, bai herritarren aldetik, eta kirol-eta kultur-elkarteen babesa dugu, eta horixe da lurralde osoan ezarri nahi dugun eredua. Zentroa ireki aurreko hilabeteetan, sare komunitarioarekin lan egiten dugu, zentroa abian jarri aurretik”.






























