Expovacaciones-ek Event Manager berria izango du

Aurten, Expovacacionesek Event Manager berria izango du: Amaia Esnal. Berak hartuko du azokaren zuzendaritza-lana bere gain gero eta berritzaileagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa den ekitaldi-eredua sustatzeko misioarekin. Aisialdia eta kontsumo-ohiturak aldatzen ari diren honetan, publikoak zentzumenekin bat egiten duten askotariko esperientziak topatuko ditu.  “Expovacaciones eskaintza eta eskariaren arteko topagunea da, eta bidaiariek proposamen pertsonalizatuak eta aholkularitza profesionala bilatzen dituzten unean erabakiak hartzeko prozesua errazten du”, azpimarratu du Esnalek.

2026ko edizioan, besteak beste, Aragoi, Kantabria, Galizia, Andaluzia, Errioxa, Eivissa, Menorca, Ceuta, Melilla edo Kanariar Uharteak, Costa Brava eta Gironako Pirinioak eskualdeek parte hartuko dute, nazioarteko proposamenekin batera, hala nola Lisboa, Alentejo, Algarve edo Portugalgo erdialdea. Horiek guztiak bi ardatzen inguruko eskaintzan sartuta daude: “Experimenta y Saborea”. Bertan, tailerrak, proposamen gastronomikoak, jarduera sentsorialak, dastaketak eta turismoari aplikatutako teknologia (errealitate birtualeko simulagailuak, adibidez) izango dira.

Turismo aktiboari dagokionez, era askotako proposamenak izango dira: Izturitze eta Otsozelaiako leizeak Frantziatik, Ojo Guareña Aventura Gaztela eta Leonetik eta Vulcano Trekking Fuerteventuratik (azken hori da gehitu den azken proposamenetako bat). Gastronomiaren atalari dagokionez, era askotako produktuak bilduko ditu azokak: cava eta gozogintzako produktuak, Argentinako enpanadak, hestebeteak, gaztak olioa, taloak eta hamburgesak, besteak beste. Horrez gain, familientzako guneak ere izango ditu, hala nola txikienentzat pentsatutako abentura-zirkuitua.

Azokak 46. edizioa egingo du maiatzaren 8tik 10era bitartean, eta aukera bikaina da parte hartzen duten enpresa eta turismoguneentzat. Expovacaciones, gainera, inspirazioa bidaia-erabaki bihurtzen den ingurunean beren marka erakusteko aukera ere bada. Hiru egunez, azokak zuzeneko topaketa errazten du hurrengo oporretarako ideien, gomendioen eta proposamenen bila bidaiari-profila duen publikoarekin. Gertuko harreman horri esker, enpresek beren eskaintza ikusgai jartzeko, posizionamendua indartzeko eta hurrengo turismogunea ezagutzeko eta planifikatzeko benetako interesarekin iristen diren bidaiariekin harreman berriak sortzeko aukera dute.