- Sailburuak udalei eskatu die “gardentasun-ariketa bat egiteko turismo-zergaren udal-ordenantzetan, zergaren bidez bildutako funtsen xedea azaltzeko”.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado elkarrizketatu du gaur Eider Hurtadok Radio Euskadiko “Boulevard” saioan. Sailburuak Aste Santuko turismoaren balantzea egin du eta adierazi du hobera egin duela aurreikuspenekiko, eta “aurreko urteetakoaren antzekoa izango da, datu ofizialen faltan”.
Gainera, azaldu duenez, Euskadik hazkunde handia izan du azken urteetan “ % 80 hazi gara 2011tik”, eta 2019tik % 30 hazi gara, eta normala da turismoa orekatzen eta geldotzen joatea. Turismo desestazionalizatu baten alde lan egiten jarraitzen dugu, fluxuak lurraldean zehar banatuko dituena, eta lortzen ari gara. Ez gaude lasterketa inkrementalista batean, ez dugu begiratzen zenbat ari garen hazten, nola baizik”.
Elkarrizketan egonaldi turistikoen gaineko zerga indarrean sartzea ere aztertu da. Sailburuak nabarmendu duenez, zoriontzeko modukoa da zerga ezartzeko helburutik oso gertu gaudela ikustea, “Euskadiz gozatzera datorrenak lurraldea hobetzen lagun dezan”.
Zerga 2027ko urtarrilean indarrean sartzeari dagokionez, sailburuak azaldu du ekainean onartuko den araua-ordenantza batean jaso behar dela, “bere denborak eta legezko izapideak dituen ordenantza batean, eta hori ezin da egun batetik bestera egin”, Donostiako alkateak egindako deklarazioei erantzunez. Bai aldundiak, bai EUDEL eta sektorea bat datoz epe hori ezartzeko premian, eta hortik sortu da segurtasun juridiko handiagoarekin ezartzeko akordio politiko bat. Ildo horretan, sailburuak dei egin die udalei “gardentasun-ariketa bat egiteko zergaren udal-ordenantzetan, zergaren bidez bildutako funtsen xedea azaltzeko”.
Gai hauetaz gain, turismo-eredu jasangarria bultzatzeko Turismo Lege berriaren helburua eta etxebizitza turistikoetan ezarriko diren mugak ere azaldu dira. “Bizitoki-larrialdi bat bizitzen ari gara, eta gure ekarpena egin nahi dugu. Baina perspektiban jarri nahi dut ez dugula beste autonomia-erkidegoen arazoa, erabilera turistikoko etxebizitzak etxebizitza-parke osoaren % 0,4 baino ez baitira. Hala ere, kontrola eta mugak indartzen jarraituko dugu, batez ere eremu tentsionatuetan, non debekatu egin dugun etxebizitza turistiko berriak ezartzea”.






























