Barakaldoko Udalak lehentasunezko arretarako bulego bat irekiko du adinekoentzat

Amaia del Campo alkateak gaur goizean jakinarazi dio albistea Barakaldoko Pentsiodunen Plataformari, administrazioarekin harreman erosoagoak eta irisgarriagoak izateko zerbitzu hori irekitzea eskatu baitzuten

Barakaldoko Udalak lehentasunezko arretarako bulego bat jarriko du martxan adinekoentzat. Hala jakinarazi dio gaur goizean Amaia del Campo alkateak Barakaldoko Pentsiodunen Plataformari, eta eskertu egin die proposamena, «administrazioa adinekoei are gehiago hurbiltzeko oso tresna baliagarria izan daitekeelako», adierazi du Del Campok.

Ekimena plataforma beretik sortu zen, eta aste honetan Udala bisitatu du bere proposamena helarazteko. Alkateak adierazi du dagoeneko lanean ari direla eskaera hori gauzatzeko eta behar duten adinekoek laguntza pertsonalizatua eta informazioa izan dezaten. «Udaletik beti egon gara prest adinekoei izapideak errazteko neurriak martxan jartzeko eta, horrela, eten digitala saihesteko, askotan adinekoak ez baitira ausartzen administrazioarekin izapideak egitera», adierazi du Del Campok, eta gogorarazi du 010aren edo Herritarren Arretarako Zerbitzuaren (HAZ) bidez Barakaldo Bonuaren salmenta gaitzen dela aplikazio digitalarekin moldatzen ez diren pertsonentzat, edo Inguraldeko langileekin Enplegu Planetik egiten den lana Barakaldoko bulego elektronikoei erantzunez, makinak nola erabiltzen diren azaltzeko eta izapide bat egiteko prozesuan sor daitezkeen zalantzak argitzeko.

«Proposamena oso ideia ona iruditu zaigu, izan ere, Barakaldo gero eta hiri irisgarriagoa bihurtzea da lantzen ari garen helburuetako bat», amaitu du.