Nerea Melgosa sailburuak ETB1eko Egun On Euskadi saioan gaur goizean eman duen elkarrizketan gogoratu du Migrazio eta Asiloari buruzko Europako Itun berria ekainaren 12an hasiko dela baina momentuz ez Eusko Jaurlaritzak ezta Kanarietako Gobernuak ez dutela Espainiako Gobernuaren aldetik inolako informaziorik jaso.
“Guretzat kezkagarria da, eredu eta neurri batzuk sartuko dira indarrean eta ez dakigu noraino helduko diren. Etorkizun hurbilean gure papera zein izango den jakin behar dugu hortxe ditugulako zerbitzu asko kudeatzen dituzten gizarte zerbitzuak eta Aldundiak. Espainiako Gobernuari informazioa eta leialtasuna eskatzen dizkiogu, elkarlana behar dugu” adierazi du Melgosak. Era berean Euskadi Iparraldeko Mugaren aitortza jaso behar duela aldarrikatu du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak borondate politikoa falta dela gaineratuta.
Pertsona migratzaileei zabaldutako eta ekainaren 30ean bukatuko den erregularizazio prozesuari buruz sailburuak zehaztu du batez ere Euskadiko hiriburetan milaka pertsona ari direla zaurgarritasun egiaztagiria lortzeko eskaera bideratzen. “Erregularizazioa ez da gure eskumena, hala ere migratzaileei begirako gai honi buruzko gida bat sortu dugu eta hainbat formazio-hitzaldi eskaintzen gabiltza. Horien artean pertsona gor migratzaileei begirakoak ere, pertsona guztiak izan behar ditugu buruan” azaldu du Nerea Melgosak.
Sailburuak bestalde txarretsi du Espainiako Gobernuak Gasteizen zabaldu nahi duen errefuxiatuentzako Arana zentroak zehaztapenik ez izatea. “Ez da euskal harrera ereduaren proiektua, beste era bateko baliabideak behar dira Euskadin, ez Arana zentroaren modukoak, Euskadin baditugu gune txikiak dira: Oñati, Tolosa eta Berriz. Horretara jo beharko litzateke” azaldu du Melgosak.
Sailburuaren hitzetan kontua ez da zentro bat jartzea bakarrik, komunitatearekin landu eta osasun, hezkuntza eta hirugarren sektorearen aldetik gainbegiratu beharko litzatekela iradoki du. “Hau aldatzeko itxaropena daukat, hasiera baten 300 plaza izango zirela esan zuten, gero 220 orain 120. Hartzaileak maliarrak izango zirela eta orain guraso bakarreko familiak izango direla diote. Zentroa Euskadin egingo bada, guk zerbait esan beharko dugu eta asko dugu esateko” adierazi du Nerea Melgosak.
Bestalde Gazteriaren Legearen aldaketa une onean datorrela adierazi du Jaurlaritzaren ordezkariak oraingoa 2012koa dela eta denbora luzea pasa dela gogoratuta. “Sailean dekretuaren aldaketan ere lanean ari gara. Tratu oneko kanpaina bat abiatu da elkarte eta begiraleekin, babes handiagoa umeei, kontrol gehiago egongo dira, hiru inspektore daude kanpalekuak ikuskatzeko” azaldu du Melgosak.


























