41. Bordari-Satarka Literatur Lehiaketa abian da, sari berriekin

Urtez urte, lehiaketa honek euskaraz idazten duten sortzaileei erakusleiho bat eskaintzen die, eta, aldi berean, literaturaren bidez euskararen erabilera eta prestigioa indartzen laguntzen du.

Aurtengo edizioak, gainera, berrikuntza esanguratsuak dakartza. Lehiaketaren oinarriak eguneratu dira, eta ondorioz, sarien zenbatekoa handitu da. Hala, orain arte 800 eurokoa zen lehen saria 1.500 eurokoa izango da; bigarren saria 400 eurotik 1.000 eurora igo da, eta Hondarribia saria, berriz, 400 eurotik 500 eurora.

Garoa Lekuona Euskara zinegotziaren hitzetan, “Bordari-Satarka ez da soilik literatura lehiaketa bat. Urte hauetan guztietan euskarazko sorkuntza sustatzeko tresna garrantzitsua izan da, eta herritik bertatik literatura sortzeko eta partekatzeko espazio bat eskaini du. Oinarriak berritu eta sariak handitzea lehiaketaren balioa indartzeko eta idazle gehiago parte hartzera animatzeko urratsa da”.

Lekuonak azpimarratu duenez, lehiaketak belaunaldi eta jatorri desberdinetako sortzaileak biltzeko gaitasuna izan du beti: “Euskarak bizirik iraungo badu, erabilera eremu guztiak elikatu behar ditugu, eta literatura horietako bat da. Bordari-Satarkak aukera ematen du talentu berriak ezagutzeko, idazleak saritzeko eta euskarazko sormenari ikusgarritasuna emateko”.

Ohi bezala, lehiaketak bi kategoria izango ditu aurten ere: Bordari ipuinen saila eta Satarka olerkien saila. Parte hartu nahi dutenek euskaraz idatzitako lan originalak aurkeztu beharko dituzte, aurrez argitaratu eta saritu gabeak. Lehiaketa Hondarribian erroldatutako zein erroldatu gabeko pertsona fisiko guztiei irekita dago.

Saritutako lanak berariaz osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu. Kategoria bakoitzean hiru sari banatuko dira:

  • 1. saria: 1.500 euro eta oroigarria
  • 2. saria: 1.000 euro eta oroigarria
  • Hondarribia saria: 500 euro eta oroigarria (Hondarribian jaiotako edo bertan bizi den egile bati zuzendua)

Lanak aurkezteko epea irailaren 15era arte egongo da zabalik, egun hori barne. Parte hartu nahi dutenek lanak Hondarribiko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo BAZen aurkeztu ahal izango dituzte.

Udal-gobernuak nabarmendu du lau hamarkadatik gorako ibilbidea duen lehiaketa hau euskararen eta kultur sorkuntzaren aldeko udal politikaren adierazle dela. Horregatik, herritarrak eta euskaraz idazten duten sortzaile guztiak animatu ditu 41. edizio honetan parte hartzera eta beren lanak aurkeztera.

41 urteko ibilbideak erakusten du Bordari-Satarka lehiaketa erreferente bat dela euskarazko sorkuntzan. Gure erronka da ondare hori zaintzea, eguneratzea eta etorkizunera begira indartzen jarraitzea”, adierazi du Garoa Lekuonak.

Informazio gehiago