Bizkaiko Foru Aldundiak industria-ondarea zaindu eta balioesteko konpromisoa berretsi du; horretarako, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoaren berreskuratze mekaniko eta funtzionalerako plana sustatu du. Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek, Aldkultura zuzendari nagusia, Begoña de Ibarra eta Balmasedako lehen alkateorde Txetxu Txarramendieta Alconerok, museoa bisitatu dute, eta erakutsi dute nola egin duen aurrera toki historiko hori industria-kontserbazioaren nazioarteko erreferente bihurtu duen proiektuak.
Bisitaldian, La Encartadaren zuzendari Ainara Martinez Matíaren eta Joaquín Marco Saenz de Ormijana zaharberritzailearen bitartez, agintariek hamar bat makina historiko ikusi ahal izan dituzte martxan azken urte hauetan bultzatutako berreskuratze-prozesu bati esker, besteak beste, transmisio-ardatz nagusia, fibra zabaltzeko, harilkatzeko eta trikotatzeko makinak, pertxa, Ninet ehungailua edo bolak. Foru-erakundearen kudeaketari esker, ehun urtetik gorako makineria horri funtzionaltasuna itzuli ahal izan zaio, eta herritarrei hurbildu ahal izan zaizkie XIX. mendearen amaieratik Bizkaiko garapen ekonomiko eta soziala markatu zuten ekoizpen-prozesuak.
Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, «La Encartada gure historia sozial, industrial eta teknologikoaren funtsezko zati bat da. Zaintzea eta balioestea Bizkaiko Foru Aldundiaren apustu estrategikoa da: ondare bakarra berreskuratzea, ondare hori posible egin zutenen memoria bizirik mantentzea eta Bizkaia etorkizunerantz proiektatzea, ondare industrialaren kontserbazioan eta hedapenean Europako erreferente gisa «.
Ez dago halako beste ondarerik Europan
2007az geroztik, museo gisa zabaldu zenetik, La Encartada Fabrika-Museoa gune aparta bilakatu da. Ehungintzako lantegi zaharrak ia osorik mantendu ditu bere jatorrizko egitura eta hornikuntza mekanikoa; halan, ehun urtetik gorako ehungintza-bilduma teknologikorik osoenetako bat da Europan.
Multzo autentikoa denez, bisitariek aukera izaten dute murgiltze-esperientzia paregabe bat bizitzeko: makinak behatzeaz gain, funtzionamenduaren oihartzuna ere entzun dezakete, eta garai hartako lantegi baten usain bereziak hauteman, hala nola artilearena, koipearena edo taladrinaren). Kontserbazio-maila horrek balio izan dio Euskadiko monumentu-multzoaren izendapena lortzeko eta ERIHn sartzeko (European Route of Industrial Heritage / Industri Ondarearen Europako Ibilbidea) “ainguraleku” gisa sartzeko, bereizgarri hori gordeta baitago Europako industria-ondarearen elementu garrantzitsuenentzat.
Makinak leheneratzea memoria leheneratzeko
Bizkaiko Foru Aldundiak garatu duen proiektu horren funtsezko oinarrietako bat makina historikoak mekanikoki eta funtzionalki leheneratzea da. Prozesu xehea da; izan ere, ikerketa zorrotz batetik abiatzen da eta garai bakoitzeko metodoak eta materialak errespetatzen dituzten teknikak erabiltzen ditu.
Lan horri esker, 2016tik aurrera, hogei bat makina historiko leheneratu dituzte, eta jatorrizko funtzionaltasuna itzuli diete. Horien artean, hauek nabarmendu dira: Jacquard ehungailua, txapeletarako bolak, mozorkak, txapelak trikotatzekoak, trapuak txikitzekoa, kordelak egitekoa, fibra zabaltzeko Platt Brothers & C.º makina, matazetarako prentsa, josteko Singer 24-56 1 makina, Snoeck pertxa, ebakigailu mekanikoa, eta abar.
Gainera, azken bi urteetan makina gehiago gehitu zaizkio museoan berroneratutako ondareari. 2025ean, berriz ere jarri ziren martxan Julius Kölher erremailadora, anezketarako kanila-makina (Encisoko Hilados y Tejidos Marín Lacoste enpresaren biltegia) eta Ninet & Co ehungailua. 2026an, berriz, hor diraute zenbait leheneratze-lanek: zuzen trikotatzeko Moses Mellor makina, eta irazkia, zerrenda, kanal hidraulikoa eta Voith turbina. Azken jarduketa hori Europar Batasunak finantzatutako Next Generation EU – Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez finantzatu da neurri handi batean.
Bizkaiaren eta Enkarterriren aldeko apustu estrategikoa
La Encartada leheneratzea posible izan da Bizkaiko Foru Aldundiaren etengabeko inbertsio bati esker. Izan ere, azken bost urteetan, foru-erakundeak urteko 800.000 euro baino gehiago bideratu ditu museora, bermatu nahi izan duelako museoa egoera onean irautea, jendearentzako arreta hobetzea eta kultura- eta hezkuntza-jarduerak areagotzea.
Gainera, horri gehitu behar zaio azken hiru urteetan 800.000 euro inguruko inbertsioa egin izana estalkia eta fatxada leheneratu eta turbina eta kanala konpontzeko. Azken proiektu horretan, foru-aldundiak 185.000 euro inguru jarri ditu, eta Next Generation EU funtsek 700.000 euro inguru finantzatu dituzte.
Ondare-elementu bakarra babesteaz gain, apustu hori Eskualdeko Plan Estrategikoaren barruan dago eta indarra ematen dio La Encartadak eragile gisa duen zereginari, Enkarterriko kulturak, ekonomiak eta gizarteak aurrera egin dezaten.
Museo bizia, parte-hartzailea eta berritzailea
Bizkaiko Foru Aldundiak egindako inbertsioari esker, erreferentziako programa batzuk finkatu ahal izan dira, hala nola Berritu, Bilduma, Encarta-Teknika, eskola-programa, edo kultura-ondarean ikuspegi feminista txertatzeko beste zenbait ekimen. Horiei esker, La Encartada Fabrika-Museoa erreferente bihurtu da industria-ondarea leheneratzeko eta zabaltzeko.
Eremu horretan, La Encartada erreferente ere bada Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Women’s Legacy proiektuan, eta jardunbide egokien eredutzat jotzen dute Europan. Era berean, Industria Ondarearen Espainiako Planaren barruan, zenbaitetan aipatzen dute leheneratze mekanikoaren erreferentzia gisa.
Komunitatearekin duen harreman estua da ezaugarri nagusietako bat. Urterik urtera, ehundaka bizilagunek hartzen dute parte bisita antzeztuan. Bertan, La Encartada lantegia funtzionamendu betean zegoen garaiko bizimodua eta funtzionamendua antzeztu ohi dituzte. Ekimen horri esker, industria-lanari lotutako memoria kolektiboa berreskuratzen da, eta jendeari beste errealitate hura iradokitzen zaio, lantegi-gune enblematiko horren parte izan ziren gizartearen, lanaren eta gizakien errealitatea. 120 lagunek baino gehiagok gozatu ahal izan zuten jarduera horretaz 2026ko martxoaren 1ean, garai eta maila guztietako emakumeen lan isil eta anonimoaren omenez.
Halaber, besteak beste, Sopuertako San Viator ikastetxeak eta EHUk berroneratze mekanikoko zenbait proiektutan hartu dute parte; hain zuzen ere, pieza batzuk zaharberritu dituzte: trapuak txikitzeko antzinako makina, josteko Singer 24-56 1 makina edo oihal-pertxa, besteak beste.
Museo bihurtu zen hogeigarren urteurrenaren urtarrileko ospakizunen atarian, La Encartada Fabrika-Museoa gune sendoa da, non historiak, teknologiak, berrikuntzak eta langileen memoriak bizirik baitiraute. Industria-ondarearen Europako erreferente argia da, eta aurrera jarraitzen du bertako makinak berreskuratzen, legatua aktibatzen eta etorkizuna proiektatzen.






























