Azpiazu sailburuak Bilbon azpimarratu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak hazkunde inklusiboko eta giza garapen jasangarriko eredu baten aldeko apustua egiten du

«Human Capital Outlook» jardunaldiaren hirugarren edizioaren irekieran, Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk Bilbon honako hau azpimarratu du: “Euskal Autonomia Erkidegoak hazkunde inklusiboko eta giza garapen jasangarriko eredu baten aldeko apustua egiten du, eta eredu hori lan-indarrean parte-hartze handiagoarekin eta jendea lan-merkatura erakarriko duten enplegu emankor eta atsegingarriagoekin baino ez da posible izango”.

Horretarako, Azpiazuk aukera-berdintasuna indartzeko beharra planteatu du, jatorri sozioekonomikoa lan-merkatuko arrakastaren eragile nagusi bihur ez dadin.

Sailburuaren ustez, eta “langile guztiak ekonomia berde eta digitalerako trantsizioa menderatzeko gai izango ez direnez”, hori posible egiteko neurriak hartu behar dira: “Segurtasun-sareak indartu behar ditugu, aldaketa horiek eragindako enplegu-galerak kaltetutako pertsonei laguntzeko”, planteatu du irekiera-ekitaldi honetan.

“Lan-merkatuari pultsua hartzen” izenburu orokorrarekin, lan-munduarekin zerikusia duten gaiak jorratu dira jardunaldi honen esparruan, Iberdrola Dorreko auditorioan parte hartu duten pertsona ospetsuen ikuspegi eta iritzi desberdinekin.