Desioa eta errealitatea

Senatuak XIII. legegintzaldiari eman zion hasiera asteartean eta, ikasleek ikasturte hasieran egiten duten moduan, asmo on asko entzun ziren ekitaldian parte hartu zuten guztien ahoetatik.Gehien errepikatu zen asmoa, kopuruari dagokionez behintzat, Espainiako Konstituzioak dioena betetzea izan zen, zin eginez edo hitza emanez, bakoitzak nahi izan genuen formula erabilita. Jeltzaleok “halabeharrez” egin genuen eta kataluniar subiranistek euren egoera politikoa aldarrikatu zuten; batzuentzat formula horiek onartezinak dira –zin egiteko formulak arautzeko eskatu du PPk- eta aho betean egiten dute zin euren Lege Nagusia goretsiz… Ea, legegintzaldian zehar hainbeste errespetu merezi omen duen Konstituzio horri benetako errespetua erakusten dioten bere edukia betez.

Hitzaldietara pasatuz, Adineko Mahaia zuzendu zuen Juan Jose Lucasek eta Presidente berria izango den Manuel Cruzek pso espiritu baikorra erakutsi zuten. Hau esaten dut, bai PPkoak eta bai PSOEkoak Senatua birmoldatu eta Europako beste Goi Ganberen antzekoa izan dadin aldarrikatu zutelako; Lucasek, gainera, hitz politak esan zituen politikaren jardun ona egiteko egin beharrekoak azalduz: kuriosoa da azken legegintzaldian Senatua bere nahi eta interesen arabera erabili duen alderdi politiko bateko ordezkariak orain horrelakoak esatea.

Presidente berriari tarte bat emango diogu emango diogu, momentuz, erakutsi zituen asmo onak gauzatuko dituen ala haizeak eramango dituen hitzak baino ez ziren izan jakiteko. Esan beharrekoak esan zituen: Estatuaren kohesioari laguntzeko datorrela, Ganbera alderdikeriaz erabiltzeko tentazioa uxatu behar dela, elkarrizketa eta akordioa lehenetsi behar direla, Estatua anitza eta askotarikoa dela… Tartean, aritmetika parlamentarioak agintzen duenetik haratago begiratu eta denok akordioak bilatzeko ausardia izan dezagun ere eskatu zuen, arrazoi eta argudioen pisua nagusitu dadin…

Desio guzti hauek entzunda itxaropena piztu zitzaidan, baina aldamenera begiratu eta errealitatearen aurrean jarri ninduen alboko eserlekuan Raül Romeva ikusteak. Espetxetik Osoko Bilkurara poliziak ekarri zuen ERCko agintariaren egoera Ganbera honetan bertan Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzearen ondorio izan zela gogoratu nuen; Manuel Cruzek elkarrizketa eta aniztasuna aipatu arren, bere alderdi politikoak ere onartu zuen neurria -PP eta Ciudadanosekin batera, besteak beste-; Senatuko presidente berriak aritmetika parlamentarioaren gainetik arrazoia nagusitu behar dela aldarrikatu arren, PSOEk ez zuen arazorik izan aurreko taldeekin bat egin eta Kataluniako autonomiaren esku hartzea inposatzeko.

Errealitatearen adierazgarri izan zen, baita ere, Rafael Hernando popularrak Osoko Bilkuran izan zuen keinu itsusia: Romeva bere kargua hartzeko hitza ematen ari zela nahita eten zuen bozgorailuetatik zin egitea zegokion hurrengo senatariaren izena esanez. Ostean esan zituen hitz itsusietaz aparte, bere alderdiaren eta beste batzuen jarrera zein izango den iragarri ziguten.

Kongresuko Mahaiak preso dauden diputatu subiranisten kargugabetzea erabaki izanak eragina izango du datorren astean Senatuko Mahaian Romevaren egoera aztertzerakoan. Argi dago, beraz, batzuen jarrera ez dela batere aldatu nahiz eta gizarteak elkarrekin hitz egiteko eta akordioetara heltzeko agindua eman digun. Hitz ederrak entzun genituen gure lehenengo egunean, baina gauza bat dira desioak eta bestea errealitatea.