‘Zutik’, Jokin Bildarraitzen artikulua

Kanpainan gaude! Kanpaina ofizialean, esan nahi dut, Gobernuetan ez dauden alderdiek, beste ardurarik ez dutela argi erakutsiz, etengabeko kanpainan aritzen direlako urte osoan zehar. Oraingoa kanpaina berezia da, osasun neurriek eragin handia izango dutelako bai ekitaldietan eta baita guztion gogoan.

Dakizuenez, EAJren leloa ‘Zutik’ izango da. Egoera latz honi tinko aurre egingo diogulako, eragingo duen krisialdi ekonomikoari ere tinko aurre egingo diogun bezala. Bidean geratu diren hainbat pertsonaren biziak inoiz berreskuratuko ez ditugun galera ikaragarriak sufritu arren, burua altxatu eta Euskadi etorkizun oparo batera helarazteko lan egingo dugulako. “Indarrak alkartu eta goazen hauzira”, Alderdiak aukeratu duen abestiak dioen bezala. Zutik, baita ere, EAJk azken 125 urteotan egin izan duen bezala, herriaren nahi eta beharrizanei lotuta eta idealei sekula bizkarra eman gabe.

Denek ezin dute gauza bera esan. Batzuk politikara heldu baino ez dira egin eta beraien hotsandiko aldarrikapenen oihartzuna itzali baino lehen atzera egiten dute. Aste honetan Podemosek aberastasun handiak dituztenei zergak igotzearen promesa baztertu du, hori bai, uko egiten ez diola berriz aginduz. Lehenago ere antzekoak ikusiak gara: amnistia fiskalean onuradun izan zirenen zerrenda jakitera emango omen zuten, baina Gobernura heldu ostean… bai baina ez; GAL ikertzeko Batzordea sortzeko beharrik ere ez dute ikusi… edo beharbada bai. Zeruraino heltzeko asmoa zuten baina purgatorioan nora ezean dabilen ezker abertzalearekin topo egingo dutela ematen du.

Garai zailak datoz eta guztiok dugun guztia eman beharko dugu egoera honetatik indartsu ateratzeko. Denok batera zutik jarraitzea lortuko dugu.