Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Pirinioko Planaren eremuko toki-erakundeentzako laguntzen deialdia ebatzi du, etxebizitza eta enplegua lotzen dituzten eta biztanleria finkatzea eta inguruko lurralde-garapena sustatzen duten proiektuetan inbertitzeko. Laguntza-lerro hori 1,8 milioi eurokoa izango da 2026 (500.000 euro), 2027 (600.000 euro) eta 2028 (700.000 euro) urteetarako.
Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia den Jesus Maria Rodriguezek laguntza horiek azpimarratu ditu, lehen deialditik hasita 3,2 milioi euro baino gehiagokoak izatera iritsi baitira, eta “Pirinioan biztanleria finkatzearen kontra dauden alderdi kritikoei aurre egiteko diseinatuta baitaude”. Enplegurik ez izatea, jarduera ekonomikoetan belaunaldien arteko erreleboa edo etxebizitza eskasia “zuzendu nahi ditu Nafarroako Gobernuak despopulazioa geldiarazteko, elkartzeko lekuak eta lan-guneekin lotutako etxebizitzak sortuz, landa-komunitateak biziberrituz eta laneko aukera berriak sustatuz”, adierazi du Rodriguezek.
Bost udal hautatu dira
Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak honako udalerri hauek hautatu ditu: Espartza Zaraitzu, coliving eta higiezin berean etxebizitza eta lana izateko, gazteak Piriniora erakartzeko bizitegi-irtenbidea emateko (478.634 euroko laguntza izango du); Artziko udala, Arrieta Jauregia birgaitzeko coliving eta coworking gisa (748.039 euroko laguntza izango du); Auritzeko udalerria, udal-eskolen eta maisu-maistren etxebizitza zaharren eraikinean hiru etxebizitza sortzeko eraikina birgaitzeko, (428.103 euroko diru-laguntza izango du udalak); Abaurregainako udala, Remondegi Etxea eraikinerako (129.401 euro izango ditu); Uztarrozeko udalerria, udal-eraikina birgaitzeko, coliving-erako egokitzeko (15.819 euro izango ditu).
Laguntza-lerroak
Etxebizitza eta enplegua lotzen dituzten diru-laguntzek lau laguntza-lerro dituzte. Lehenengoa higiezin berean etxebizitza eta lana izateko da, coliving eran nahiz jarduera profesionala garatzeko etxebizitza indibidual gisa.
Bigarren laguntza-lerroa higiezin ezberdinetan etxebizitza eta lana izateko da, banako eraikinak edo etxebizitzak erosteko edo birgaitzeko, ohiko bizileku iraunkor gisa alokairu-erregimeneko bizitokietarako, bertan bizi diren eta lan-espazioa partekatzen duten pertsonentzat.
Hirugarren laguntza-lerroa Pirinioko Planaren lurralde-eremuan lan egiten duten sektore publikoko langileen ohiko etxebizitza iraunkor gisa alokatzeko erabiliko diren etxebizitzen esparruan kokatzen da.
Laugarren laguntza-lerroa, berriz, Pirinioko Planaren eremuko sektore pribatuko langileei zuzenduta dago, eta horren helburua da banako eraikin eta etxebizitzak erostea edo birgaitzea, ohiko etxebizitza gisa alokatzeko.



























