Andoni Iturbe Kultura sailburuordeak Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren 51. edizioaren aurkezpenean parte hartu du

Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak gaur parte hartu du Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren 51. edizioaren aurkezpenean. Jaialdia uztailaren 20tik 26ra egingo da, eta Portugalete munduko kultura ezberdinen topagune bihurtuko du beste behin, musika eta dantza tradizionalen bidez. Ekitaldian, halaber, Folklore Azokaren 20. edizioa eta aurtengo berritasun nagusia aurkeztu dira: Nazioarteko Haurren Folklore Jaialdiaren lehen edizioa, haur eta gazteen arteko kultura-trukea sustatu eta folklorea hezkuntzarako, bizikidetzarako eta gizarteratzeko tresna gisa balioan jartzea helburu duen ekimena.

Aurtengo programazioak Guam, Txile, Turkia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Kuba, Polonia eta Estatuko hainbat lurraldetako taldeak bilduko ditu Portugaleten, Elai Alairekin batera. Jaialdiaren jarduerak Euskadiko beste udalerri batzuetara ere zabalduko dira, ekimenaren lankidetza- eta zabalkunde-izaera indartuz. Bestalde, Folklore Azokak 20. edizioa beteko du aurten, 22 artisauen parte-hartzearekin eta publiko guztiei zuzendutako tailer, kale animazio eta bestelako jarduerekin.